‘1362 km euri’. Historiak ukatu eta ezabatu dituen emakumeen ahotsa

Uztailetik uztailera, urte oso baten, Garazi Goiak (Segura, 1978) eta Goizalde Landabasok (Bilbo, 1970) elkarri idatzitako gutunak batzen ditu 1.367 km euri liburuak (Elkar).

Gutun liburua da idazle bi hauena, nahiz eta tituluak beste bi arrazoiri erantzuten dien: gutunak elkartrukatze horretako garai batean egindako euria alde batetik, eta bestetik, Goia eta Landabasoren arteko distantzia, Bilbotik Londresera, alegia. Segurakoak Ingalaterrako hiriburuan baitu bizilekua gaur egun.

Teknologiaren modernismoa, denbora gabezia eta gramatika akatsez betetako mezuak gailentzen diren garaiotan, benetako eskutitzak elkarri idazten ibili dira bi idazleak: bizitzaz, eguraldiaz, eguneroko kontuez, eta batez ere, arteaz eta miresten dituzten emakumeez.

Emakume ahaztuak, emakume desagerraraziak, erreferentziazkoak izan beharko luketen emakumeak baina itzalean gelditu zirenak: argazkilariak, pintoreak, idazleak, kazetariak, abenturazaleak, pandero-joleak… Horietako batzuk dira: Eulalia Abaitua Bilboko argazkilaria edota arte modernoaren aitzindarietako bat izan zen Paula Modersohn-Becker.

Landabasok eta Goiak gogoratu nahi izan dituzte, aldarrikatu, eta historiak ukatu dien lekua eman gutunotako lerro eta euri artean.

Ez da lan erraza izan, Goiak eta Landabasok azaldu dutenez, dokumentazio lan handia egin behar izan dute, ez baitago emakume horiei buruzko informazio askorik, gizonekin gertatzen ez den bezala.

Zabaldu: