(argazkia: Korrika)

23. Korrika, inoizko ediziorik erraldoi eta anbiziotsuena

2.800 lekuko-aldaketa, 4.900 eramaile eta 11 egun zein 10 gau igaro ondoren, 23. Korrikak amaitu du bere ibilbidea, Irundik Baionarat.

Hamaika egun eta hamar gauz Euskal Herri osoa zeharkatu ondoren, atzo egin zituen azken kilometroak Korrikak Baionan. Orain, balorazioa egiteko garaia da eta antolatzaileen esanetan “itzela” izan da. “Argi geratu da hemen badagoela komunitate oso bat, konplexurik gabekoa; ez du onartzen kontingentzia-planik euskararen normalizaziorako: horrenordez, egiazko trantsizio bat nahi du”.

Parte-hartze masibo hori herri gisa egin dugula adierazi dute, denok batuta. “Genero, kolore eta sentsibilitate politiko anitz gerturatu dira Korrikara, euskararen aldeko ekimen zirraragarrira, herri-aldarri alai eta tinko honetara. Haietako batzuk euskaradunak dira dagoeneko; beste batzuk, euskaradunak ez izanagatik ere, badira euskararen munduaren zati. Ateak zabal-zabalik dituzte guztiok; barneratzeko bidea, libre. Euskararen herrian eroso bizi ahal izateko desioan, lekua dago edonorentzat”.

Etorkizunerako asmoak gauzatzeko, baina, denon laguntza behar dutela nabarmendu dute, gaur, Baionan egin duten agerraldian: “instituzioena, kolektiboena eta norbanakoena. Harro gaude, bai, baina ez konforme. Euskararen ezagutzaren doakotasuna, unibertsaltasuna, hizkuntza-politika ausartak… jomuga dira oraindik. Asmatu beharko dugu, era berean, nola bideratu egunotan metatutako indarrak, aurrerantzean ere lanean jarraitzeko, elkarlanean; euskararen normalizazioa ardatz, aurrerapausoak ematen segi dezagun”.

AEK-k Korrikaren inguruan ezarritako helburuei dagokienez, argi dute horietako bat nabarmen bete dutela: “euskararen aldeko kontzientzia astindu du Korrikak, herri-gogoa hauspotzea lortu du. Lasterketan bertan parte-hartze masiboa igartzeaz gain, etxetik ere inoizko Korrikarik ikusiena izan da hau, aurrekoaren marka oro hautsita, neurri handi batean sare eta hedabideen elkarlaneko lanari esker. Halaber, aurreikuspen ekonomikoak ere onak dira, oraindik goiz bada ere arlo horretako xedera iritsi garen adierazteko”.

Amaitzeko, AEK-k azpimarratu nahi izan du “biziki poztu gaituela edizio honen omenduen aldarria, Azterketak Euskaraz kolektiboarena, alegia, zabaldu izanak. Bihotz-bihotzez, espero dugu Korrika honetan izan duen ikusgarritasuna akuilu bihurtuko dela haien helburuak lortzeari begira”.

AEK-k antolatzen du Korrika, baina AEK bideratzaile besterik ez dela aitortu dute; “atzean, komunitate sendo bat, Herri Harro bat, prest dago parte hartzeko. Hori dela-eta, eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu era batera edo bestera auzolan erraldoi honetan esku hartu duten guztiei”.

Zabaldu: