46 konpainia bildu, eta 120 emanaldi eskainiko ditu Leioako Umore Azokak

Kale Arteen Azokak Leioa hartuko du beste behin ere maiatzaren 16tik 19ra.

Euskal Herriko eta kanpoko hainbat herrialdetako 46 konpainia izango dira urtero egiten den azoka honetan. Antolatzaileek iragarri dutenez, gustu guztietarako eskaintza izango da aurtengoa: erabateko hemeretzi estreinaldi, kaleko hiru estreinaldi eta Estatu mailako zazpi aurkezpenekin”.

Aurkezpenean azpimarratu dutenez, hogeigarren urtez jarraian, Leioa “Kale Arteen hiria bilakatzen da”. Sabino Arana kaleak esaterako, hainbat ikuskizun jasoko ditu, sortu berri den aisiarako gunean.

Programazioari dagokionez, XX. edizioa kalitateak, aniztasunak eta originaltasunak markatuko dutela nabarmendu dute arduradunek. Batzorde Artistikoak 620 proposamen baino gehiagoren artean aukeratu ditu parte hartuko duten konpainiak. Horrela, egitarauak, 120 emanaldi baino gehiagora hurbiltzeko aukera eskainiko du, horietatik 19 erabateko estreinaldiak. Bertan, antzerkia, dantza eta zirku garaikidea izango dira ardatz nagusia, baina komediarako, musikarako, magiarako, dantza bertikalerako edo ekilibrismorako lekua ere egongo da.

Sorkuntza sektorearen ikuspuntutik, Leioako Umore Azokak erreferentzia izaten jarraitzen du Euskal herriko Kale Arteetarako. Horrela, parte hartuko duten euskal konpainien artetik, 15ek orain arte ikusi gabeko ikuskizunekin egingo dute, hau da antolatzaileen arabera, “ekitaldi batean biltzen den estreinaldi eta euskal konpainia kontzentrazio handiena”.

Hauek dira estreinatuko diren lanak: Ana Capilla konpainiaren Cajita de música (Musika eta dantza); Circo Dabitxiren La máquina y yo (Antzerkia eta Zirkua); Demode Quartet-en Epa Txiki (Antzerkia eta musika); Dikothomia Cía-ren e.go (Zirkua eta Antzerkia); Goitiberaren Yijaaa!  (Antzerkia eta Clowna); La Glo Zirko Dantza Konpainiaren Sacred (Zirkua eta Dantza Bertikala); Malas Compañías Zirko Taldearen Prozak (Zirkua eta Clowna); Organik Dantza Antzerkiren Sardina freskue! (Danza eta Antzerkia); Izen bereko konpainiaren Reportero on Fire (Clowna eta Performancea); Salitre Teatroren Mr. Soft. Silence, dance o no!! (Antzerkia eta Clowna); Toni La Salen Txontxongilo bertsolariak (Txotxongiloak eta Performancea); Trapu Zaharraren Turistreando (Antzerkia); eta Zanguango Teatroren Al otro lado (Antzerkia).

Leioa Kantika Koralaren Kantiketan lana ere erabateko estreinaldia izango da. Abesbatzen musikan, umorean eta dibertsioan oinarritutako emanaldi berezia prestatu du XX Umore Azokaren programa ofizialean parte hartzeko.

Euskal ordezkaritza hauekin osatuko da: Akelar konpainiaren Al Baker’s Saloon (Magia eta Antzerkia); Garazi & Cíaren Erraia (Ekilibrismoa, zirkua eta dantza); Intujai Teatroren Aire hemendik (Clowna eta Antzerkia); Malicia! Cíaren El punto de la i (Zirkua eta Antzerkia); eta Trakamatrakaren Matraka ma non troppo eta Taller Trakamatraka (Musika eta performancea).

120 emanaldi baino gehiago horiek, 30 espazio eszeniko baino gehiago dituzten 13 kokalekutan ikusi ahal izango dira ostegunetik igandera: Errekalde Plaza, Udaletxea, Bulebarra, Aldapako Auditorioa, Sabino Arana, Udondoko Bulebarra, Errotako Aparkalekua, San Juan Plaza, Barandiaran Behekoa institutua, Euskal Etxeen Plaza, Ondiz, Jose Ramon Aketxe Plaza, eta Estartetxe kalea. Horrez gain, udalerriko hainbat gune, Estartetxe, Sakoneta, Udondoko Bulebarra edo Kultur Leioa, hartuko dituzten ikuskizun ibiltariak ere egongo dira.

Umore Azoka hala ere, ikuskizunak aurkezteko gunea izateaz gain, hasieratik, sektore barruan ezagutzak trukatzeko, elkartzeko eta gogoetarako gune gisa ere egituratu da. Hori dela eta, azokarekin batera jarduera profesionalak ere egiten dira, eta horretarako mundu osoko 200 profesional baino gehiagok eman dute izena.

Zabaldu: