Alarma egoeran EITBk hartutako hizkuntza irizpideekin kexu dira hainbat herritar

EITBn erdara hutsezko ordezkarien adierazpenak eta informazioa gailentzen ari direla kexatu dira herritarrak Behatokian.

Hizkuntz Eskubideen Behatokiaren arabera, “alarma egoeraren eta osasun krisiaren inguruko informazioa garden eta zuzen jasotzea funtsezkoa da herritarrentzat, eta hedabideak oinarrizkoak dira bide horretan”. Euskal hiztunen hizkuntza eta informazio eskubideak, berriz, hainbatetan urratu dira alarma egoera hasi zenetik. Horren lekuko dira Behatokiak jaso dituen herritarren kexak; nabarmen egin dute gora, bereziki EITBri lotutakoak. Hori dela eta, gutuna igorri dio Behatokiak EITBri.

Hain zuzen ere, EITBri buruzko kexetan gehien errepikatu den salaketa honakoa da: “Osakidetzako eta gobernu ordezkarien adierazpenak erdara hutsean ematen dira sarri askotan, azpititulurik gabe eta luze gehienetan, baita zuzeneko konexioetan ere, eta euskarazko adierazpenak sartzerakoan, laburrak izanagatik ere, euskara maila kaskarrean izaten dira”. Euskadi Irratian ere gaztelerazko presentzia areagotu dela kexatu dira zenbait herritar.

“Salaketa hauek garrantzitsuak dira, EITBren helburu eta betebeharra euskararen normalizazioa bultzatzea eta herritarren informatzeko eskubidea bermatzea direlako”, adierazi du Behatokiak. Horregatik, ohiko prozedimenduari jarraituz, herritarren kexa horien berri eman dio Behatokiak EITBri gutun bidez, gertatutakoaren inguruko argibideak eskatzeko eta herritarren hizkuntza eskubideak bermatu behar direla gogorarazteko.

EITBren erantzuna: “Testuinguru horretan (alarma egoeran), hedabide publikoen egitekoa nahitaezko zerbitzu publiko modura planteatu da, eta horren alde garrantzitsu bat instituzioek daramaten gidaritza gizarte osoari helaraztea da. Betekizun horretan, EITBk gertatzen denaren lekuko lana egiten du”.

Kexei erreferentzia eginez, ondorengoa adierazi du Euskal Irrati Telebistak: “Behatokitik jaso diren kexa horietan esaten da ETB1en eta Euskadi Irratian gazteleraz aireratu direla EAEko osasun agintariek eman dituzten jarraibideak. Arrazoia da agintariok informazio hori gaztelaniaz eskaini dutela. Hedabide batentzat, eta halaxe da EITBrentzat, informazioak du lehentasuna. EITBk ahaleginak egiten ditu informazio osoa euskaraz eskaintzeko, deklarazioak euskaraz biltzeko. Baina osasun krisialdi honetan lidergoa duten agintariak direnak dira, eta euren hitzak bitartekaritzarik gabe eskaintzea ezinbestekoa izan da”.

Hala ere, “adierazpenak gaztelera hutsean jasotzen direnean, ETBrentzat ere arazoa da, gure xedetako bat hizkuntza normalizazioa delako”, azpimarratu dute. “EITBren Estilo Liburuak baditu adierazpenen hizkuntza-tratamendurako irizpideak. Adierazpen guztiek ez dute interes informatibo berdina, guztiok dakigun bezala, eta une honetan ezohiko garaia bizi dugu. Hala ere, hainbat kexa jaso izanak neurri batzuk ezartzera behartzen gaitu”.

Honen aurrean, neurri horiek zehaztu eta lehenbailehen hartzeko gonbita egiten dio Behatokiak EITBri. Izan ere, “informazioak lehentasuna izateak, tokiko hizkuntzan informatuak izateko eskubidea bermatzea ere barne biltzen du. Informazio horren gertutasuna eta herritarrekiko segurtasun eta ongizatearen alde egitea ere baita hizkuntza-eskubideak bermatzea”, zehaztu du Agurne Gaubeka Behatokiko zuzendariak. Horregatik, EITBri ere badagokio euskarazko adierazpenak aktiboki eskatzea, alde batetik, eta adierazpenak gazteleraz direnean ere, tratamendu egokia ziurtatzea, hizkuntza eskubideak alboratu gabe. “Nazioarteko agintarien adierazpenak itzultzen badira edo neurrian erabili, zergatik ez beste hainbeste egin Euskal Herriko agintarien gaztelerazko eta frantsesezko adierazpenekin?”.

Gainera, Europako Kontseiluko Adituen Batzordeak ere Estatuko hizkuntza ofiziala ez den beste hizkuntzetan ere koronabirusaren inguruko informazioa eta jarraibideak igortzea oso garrantzitsua dela adierazi du, “eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzetako hiztunen ongizatea” jokoan dagoelako. Hortaz, hizkuntza eskubideak eta informazioaren lehentasuna uztartzea eta bermatzea ongizatearen eta segurtasunaren alde egitea ere badela azpimarratu nahi du Behatokiak, Europako Kontseiluak nola; baita EITB bezalako hedabide publikoaren kasuan ere.

Zabaldu: