(argazkia: Susa)

Anne Hebert eta Giorgos Seferis poeten antologia berriak dakartza Munduko Poesia Kaierak bildumak

Liburuak Aiora Jakak eta Maite Lopez Las Herasek itzuli dituzte. Kaier berri hauekin 50. zenbakira iritsi da bilduma.

Munduko Poesia Kaierak bildumaren baitan, Susa argitaletxeak editatzen dituen azken bi aleak aurkeztu ditu: Anne Hebert Quebectarrarena eta Giorgos Seferis Greziarrarena. Autore bi hauekin 50. zenbakira iritsi da 2014ko martxoan abiatutako bilduma. Maialen Berasategi Catalanek eta Isabel Etxeberria Ramirezek zuzentzen dute proiektua eta urtero lau antologia argitaratzen dira: Bi udaberrian eta beste bi udazkenean.

Aiora Jakak ekarri ditu euskarara Anne Heberten (1916-2000) olerkiak. Susak adierazi duenez, “Quebeceko poesiaren ordezkari garrantzitsuenetako bat da, eta hein berean sailkagaitza eta berdingabea. Ahots oso pertsonal baten jabe, bide guztiz berea egin zuen literaturan. Eleberrigintzan eta poesian aritu zen bizitza osoan zehar, eta bi arloetan lortu zuen aitortza zabala. Poesia enigmatikoa da Hebertena, soila bere adierazpenean, baina sinbolo ondo neurtuen gainean oparo eraikia. Naturako elementu sinple baten behaketak abiatzen du askotan poema (iturria, euria, txoriaren kantua, gaua), eta sakontasun intimo handiko gogoetetaraino gidatzen du berehala eta oharkabean irakurlea. Tonua etsia da Heberten heldutasuneko poemetan, gaztaroko lehenen aldean, eta hain zuzen ere haurtzaroaren mina gailentzen da poema batean baino gehiagotan”.

Maite Lopez Las Heras, bere aldetik, Giorgos Seferis (1900-1971) autorearen testuak euskaratzeaz arduratu da. Argitaletxearen arabera, “poeta hau Greziako 30eko belaunaldiko kidea izan zen, garrantzitsuenetakoa eta internazionalenetakoa (Nobel saria ere eman zioten 1963an). Urte asko egin zituen Greziatik kanpo, erbesteratuta zein lan kontuengatik, eta berekin eraman zuen beti bere lurra, baina ez miraz eta nostalgiaz, baizik bere oinaze eta ezin-ulertu guztiekin. Horra hor itzuli nahia, itzuli ezina, itzuli ahalaren gogorra eta are trauma, eta itzulera batzuen norarik eza. Egeo itsasoa eta paisaia mediterraneo idorra presente daude ia une oro haren poesian, eta paisaia horretan, berriz, itsasontziak, eta antzinako greziarren hondakinak. Seferisek ezin hobeto uztartu baitzuen bere garaiko errealitatea hala mundu klasikoarekin nola mito homerikoarekin. Sinbolismoa sakon jorratu zuen, betiere gertaera partikularrak, tokiko historia eta jokaleku eta objektu erreal jakinak unibertsalizatzeko”.

Zabaldu: