Antsoaingo Komiki eta ilustrazio sozialari buruzko Jardunaldiak bueltan dira

Komiki Boom jardunaldien bigarren edizioa urtarrilaren 25etik otsailaren 7ra bitartean egingo da.

Komikiak eta ilustrazio sozialak bat egingo dute berriro ere urtarrilaren 25etik otsailaren 7ra bitartean Antsoainen antolatu dituzten jardunaldietan. Komiki Boomen bigarren edizio honetan erakusketak, komikien aurkezpenak, fanzine tailer bat, fanzinoteka baten dohaintza eta zinema proiekzioak izango dira, besteak beste. Antolatzaileek azaldu dutenez, ekintza guztiak Txoko Gorrin, liburutegian, Harrobin eta Antsoaingo antzokian izango dira.

Komiki soziala Antsoainera gerturatzeko asmoz sortu zen ekimena pasa den urtean. “Asko dira urtero bisitatzen ditugun komikiari eskainitako aretoak eta jaialdiak. Horiek guztiek liluratu egiten gaituzte”, adierazi dute antolatzaileek. Jardunaldi hauetan, baina, beste pausu bat eman nahi izan dute eta komikia eta ilustrazioaren bidez jendeak daukagun munduari buruz hausnartu dezan nahi dute.

Egitarauari dagokionez, bi erakusketa antolatu dituzte. Alde batetik Mikel Santos Belatz ilustratzailearen Gerezi garaia komikiari buruzkoa. Santosek Lucio Urtubia militante anarkista historikoaren irudiaren inguruan 2018an aurkeztu zuen eleberri grafiko hau eta orain, Txoko Gorrira eramango ditu binetak, urtarrilaren 26an egingo duen aurkezpenean.

Bigarren erakusketa Guerreras liburuari buruzkoa izango da Antsoaingo liburutegian. Eleberri ilustratu hau  20 pertsona baino gehiagoko talde batek autoeditatu du eta antzinatean giltzarri izan ziren emakumeen bizitza berreskuratu nahi du. Obraren egileetako batzuk otsailaren 4an Antsoaingo liburutegian bertan izango dira, eta Aspasia Mileto, Carmenta, Hatshepsut, Makeda, Teano Krotona, Teuta de Iliria eta Enheuannaren bizitzak berreraikitzera eraman zituen ikerketari buruzko iritziak partekatuko dituzte.

Aurkezpenei dagokienez, hilaren 28an Elias Taño ilustratzailearen Dios, Patria, Fueros y Altsasu liburuari buruzkoa izango da aurrenekoa. Altsasuko gazteei emandako epaiari buruzko komikia da honakoa. Urtarrilaren 29an Juanarete gidoilaria eta David Tapia marrazkilariaren txanda izango da. Bi sortzaile hauek Frontera de Ordesa lana aurkeztuko dute. Yurre Ugarte gidoilariak eta Joseba Larratxe marrazkilariak, berriz, Joana Maiz aurkeztuko dute. Eleberri grafiko honek ahalduntzen den emakume baten eguneroko istorioa kontatzen du dokumental baten bidez.

Fanzineen tailerra eta murala

12 urtetik gorako neska-mutilei zuzenduta, Irati Fernandezek eta Nerea Aguadok fanzineen tailerra eskainiko dute Harrobin, Haz tu fanzine feminista izenburupean. Honetaz gain, otsailaren 5ean 400 dokumentu baino gehiago emango dituzte Txoko gorrin, besteak beste, fanzineak, pegatinak, kartelak, autoedizioaren munduko objektuak eta Iruñera egindako bisita dela eta, Elias Taño ilustratzaile eta muralgileak mural bat egingo du Txoko Gorrin.

Aurtengo egitarauari amaiera emateko, Raul de la Fuentek eta Damian Nenowek zuzendutako Un día más con vida, animaziozko film luzea proiektatuko dute Antsoaingo antzokian urtarrilaren 30ean.

Zabaldu: