(argazkia: Arabako Bertsozale Elkartea)

Arabako Bertso Kuadrilla Arteko Txapelketa ostiralean abiatuko da Laudion

Urtarrilaren 24tik martxoaren 28ra luzatuko da aurtengo edizioa.

Bat-bateko taldeen ordezkariek eta Arabako Bertsozale Elkarteak Bertso Kuadrilla Arteko Txapelketa aurkeztu zuten larunbatean, Aramaion. Iaz banakakoa jokatu ondoren, bi urteko zikloa jarraitzera dator taldekako egitasmo hau. 2010eko Arabako Bertso Kuadrilla Arteko Txapelketa mugarri bat izan zen Arabako bertsolaritzarentzat. Ordutik hona, bi urtean behin taldekako ekimen hau antolatu da, aurten seigarren edizioa izango da.

Pasa den urteko bideari eutsita, Txapelketa formatua izango du aurtengoak ere eta orain arteko bidean sakontzea izango du xede: Arabako bertsolaritzak urteetan eraikitzen joan den mugimendua saretu eta indartzeko.

Antolatzaileek azaldu dutenez, taldeka parte hartzen da Txapelketa honetan, bi modalitatetan: bat-batekoan eta idatzizkoan.

Bat-batekoari dagokionez, 12 talde osatu dira. 3-6 bertsolari arituko dira kantuan eta horiekin batera, gai-jartzaileak, epaileak, argazkilariak, grabatzaileak eta sukaldariak ere ibiliko dira, guztira, beraz, 9-12 laguneko taldeek parte hartzen dute. Baina, taldeak antolatzaile ere badira, bere herrian edo eskualdean saioak antolatzeaz arduratu dira. Aurten, guztira, 63 lagun arituko dira bertsotan, 16 epaile lanetan, 16 lagun gai-jartzaile lanetan, eta gainerakoak bestelako funtzioetan, hala nola, kronista, argazkilari, sukaldari, musikari. Hurrengo eskualdeek parte hartuko dute: Aiaraldea, Mendialdea, Lautada (bi talde), Gorbeialdea (hiru talde) eta Gasteiz (bost talde).

Idatzizko modalitatea ere antolatu dute, eta horretan 16 taldek hartuko dute parte: Gazte Asanbladak, Mintzalagun taldeak, lagun kuadrillak, bertso eskolako kideak… Bertsoak prestatu, idatzi eta jendearen aurrean edo jendearekin batera kantatuko dituzte. Arabako zortzi eskualdetako ordezkariek parte hartuko dute bertso jarrien modalitatean. Bat-bateko modalitatearen saioak egiten direnenean parte hartuko dute talde hauek.

Bi modalitateak kontuan hartuta, guztira, 280 parte-hartzaile arituko dira funtzio desberdinetan, aurtengo Kuadrilla Artekoan.

Kanporaketak (12 saio)

Urtarrilak 24, 25: hiru saio; Laudio, Gasteiz eta Aramaio

Otsailak 1: bi saio; Gasteiz eta Zalduondo

Otsaila 7, 8: lau saio; Mendiola, Gasteizen hiru

Otsailak 14, 15: 3 saio; Agurain, Murgia, Aramaio

Finalaurrekoak (3 saio)

Otsailak 29, larunbata, 1.finalaurrekoa: Aguraingo Zabalarten

Martxoak 7, larunbata, 2.finalaurrekoa: Aramaioko Sastiñan

Martxoak 14, larunbata, 3.finalaurrekoa: Amurrioko Kultur Etxean

Finala

Martxoak 28, Murgiako Palatu kirol eremuan

Zabaldu: