Artedrama Euskal Laborategiak antzerki topaketak antolatu ditu Aulestin, irailaren 20tik 25era

Arte eszenikoetan euskaraz aritzen direnei zuzendutako topagunea da honakoa, aktore, zuzendari, antzerkigile zein antzerkizaleentzat urtero zabaltzen den espazioa.

Artedrama Euskal Laborategiak (ADEL) antzerki topaketak antolatu ditu Aulestin irailaren 20tik 25era bitartean. Antolatzaileen esanetan, arte eszenikoetan euskaraz aritzen direnei zuzendutako topagunea da honakoa, aktore, zuzendari, antzerkigile zein antzerkizaleentzat urtero zabaltzen den gunea. “Euskal Herriko arte eszenikoetan murgilduta gaudenon arteko eztabaidak, jakintza eta elkartrukeak sustatzeko asmoarekin, astelehenetik larunbatera, 48 orduz guztira, sei irakasleren tailerrak prestatu ditugu”, azaldu dute antolatzaileek.

Edizio honetan, beraz, Ander Lipus, Olatz Gorrotxategi, Patricia Urrutia, Matxalen De Pedro, Igor de Quadra, Ruth Guimerà eta Manex Fuchs arituko dira irakasle lanetan.

Artedramak adierazi duenez, gorputzari hitz egiten erakutsiko diote, “lagunartean abestu, begiak bete eta sorbalda bat bilatu, maitemindu, bide ertzean jarri eta traktoreak eta ziklistak pasatzen ikusi, gauza humano zein inhumanoen inguruan hitz egin ordu luzez, elkartu, obra klasiko baten egokitzapen abangoardista ikusi, oihu egin arima urratu arte,  botere harremanak aztertu, norberak ere egin dezakeela sentitu, egin, erotismoaren jainkosa inbokatu, herri txikiak oso bizirik daudela sentitu, atera zure deabrua eta berarekin dantza egin”.

Ikastaro guztiak euskaraz izango dira, eta matrikula 450 €koa (lotarako espazioa eta otorduak barne).

Informazio guztia, hemen.

Zabaldu: