(argazkia: Loraldia)

Basabi taldeak ‘Oma’, bere hirugarren musika lana, aurkeztuko du martxoaren 9an, Bilboko Loraldian

Pieza honek naturari eta egungo egoerari buruz gogoeta egitera gonbidatzen gaitu.

Loraldia Festibalak Lorazain Eguna ospatuko du hamargarren edizio honetan ere. Martxoaren 9an izango da hitzordua Campos Antzokian eta Basabi taldearen hirugarren musika lanaren estreinaldia aukeratu dute ospakizunerako.

Basabik Urdaibaiko Biosfera Erreserba erabili du inspirazio iturri gisa Oma lana sortzeko. Izan ere, industria aurreko aztarnak aurkitu daitezke bertan: Bolunzuloko errotak, Agustin Ibarrolaren baso margotua, Santimamiñeko haitzuloetako labar-pinturak, Arrolako kastroa eta Gastiburuko santutegia.

Lan honetarako taldean bost kide izatea erabaki dute, eta musika klasikoaren eta txalapartaren nahasketa izateaz gain, musika elektronikoko elementuak uztartzea ere pentsatu dute. Guztira bederatzi piezek osatzen dute disko berria, eta kanpoko espazioetan gizakiaren esku-hartzea irudikatzen duten soinu-paisaia berriak arakatuko dituzte. “Oma” lanarekin Basabik publikoa gogoeta egitera gonbidatu nahi du, naturari eta egungo egoerari buruz. Lan honetan sustrai folklorikoenetatik eta klasikoenetatik aldentzea erabaki dute.

Loraldia Festibalak bere hirugarren edizioan sortu zuen Lorazain Eguna, eta harrezkero urtero antolatzen du. Antolakuntzak azaldu duenez, “Lorazain Eguna Loraldiak sortutako komunitatearen (Lorazainak deiturikoak) ospakizun eguna da”. Lorazainek prezio berezia izaten dute Loraldia Festibaleko ekitaldi guztietan eta Lorazain Egunean doakoak dira ekintza guztiak.

Lorazainak euskal kulturaren eta Loraldiaren zaleen komunitatea da, Loraldia zaintzen dutenak. Doakoa da Lorazain egitea, eta webgunetik egin daiteke prozesu osoa. Gainera, abantailak baino ez dituela ekartzen nabarmendu dute: “Festibalean eta urtean zehar egiten diren ekintza desberdinen informazio esklusiboa eta aurretiazkoa; urtean zehar egiten diren ekintza berezi batzuetan parte hartzeko aukera; Ikuskizun berezi eta esklusiboetan parte hartzeko aukera; Loraldiak antolatzen dituen ekitaldietarako sarrerak prezio murriztuan eta lehentasunez erosteko aukera; eta opari bereziak jasotzeko aukera”.

Gainera, aurten Loraldiak abantaila berria gehitu du jadanik handia den onuren katalogoari. Aurtengo Loraldia Festibaleko ekintzen sarrera-sorta prezio berezian erosteko aukera izango dute. Eskaintza berezi honetan sartzen diren ekitaldiak honakoak dira: Ai gure juaneteak!, Oma, Munduari begiratzeko eta Gorputzaren atzean.

Zabaldu: