(argazkia: Bertsozale Elkartea)

Bertso-eskola feministetan izena emateko epea zabalik da

Irailaren 26ra arte egongo da Ahalduntze Bertso Eskolan eta Gizonentzako Bertso Eskola Feministan matrikulatzeko aukera zabalik; urrian hasiko dira biak.

Bertsozale Elkarteak bertso-eskola feministetan izena emateko epea ireki du. Hala, Ahalduntze Bertso Eskolan edota Gizonentzako Bertso Eskola Feministan parte hartu nahi duenak hilaren 26ra arte izango du aukera. Lanketa feminista dute helburu biek: Ahalduntze Bertso Eskola Feministaren bidez, plazako bat-bateko jardunari begira trebatu nahi dira emakume bertsolariak; eta Gizonentzako Bertso Eskola Feministan, gizonezko gisa, generoaren gaiak duen eraginaz eta norbere kokapenaz hausnartzea da asmoa”, azaldu du elkarteak.

Teoria, praktika eta talde dinamika uztartzen dira bertso-eskola hauetan: ikasturte osoan zehar saioetan parte hartzeko konpromisoa, esperimentazioa eta aniztasuna eta errespetua ditu oinarri. Hilean behin, larunbatez, izaten dira saioak Amasa-Villabonako Subijana etxean, 10:00etatik 14:00etara. Ahalduntze Bertso Eskola Feministaren kasuan, aurten, izen-ematearen arabera, bi talde osatzeko aukera egongo balitz, talde bat Durangon elkartzea aztertuko dute.

Lehen saioak: urriaren 9an eta 16an

Emakume bertsolariei zuzendutakoa izango da Ahalduntze Bertso Eskola Feminista; aldiz, gizonezko bertsolarientzat ez ezik, gai-jartzaileentzat ere eskainiko da Gizonentzako Bertso Eskola Feminista. “Bertsolariez eta gai-jartzaileez gain, bertso munduan dabilen eta gaian interesa duen edonor ongietorria izango da Gizonentzako Bertso Eskola Feministara”, adierazi dute.

Batean zein bestean gaur ireki da izen-ematea irailaren 26ra arte, azken egun hau barne. Behin izen-ematea itxita, irailaren 30ean emango da taldearen osaketaren berri, eta behin onartuta bideratuko da ordainketa. 150 eurokoa da ikastaroa.

Urriaren 9an hasiko da Gizonentzako Bertso Eskola Feminista eta urriaren 16an Ahalduntze Bertso Eskola Feminista. Egutegi osoa ikusteko eta izen-ematea gauzatzeko, beheko lotura hauetan sakatu:

Ahalduntze Bertso Eskola Feminista: 2021-2022 ikasturtean izena eman

Gizonentzako Bertso Eskola Feminista: 2021-2022 ikasturtean izena eman

Zabaldu: