(Argazkia: UEU)

‘Bertsolaritza feminismotik (bir)pentsatzen’ liburua aurkeztu du UEUk

Miren Artetxe eta Ane Labaka bertsolari eta ikertzaileek koordinatu dute argitalpena eta bertsolaritzaren eta feminismoaren uztarketa aipagai den honetan, gogoetarako eta eztabaidarako materiala biltzea izan dute helburu nagusi.

2018an Iruñean garatutako “Bertsolaritza genero-ikuspegitik” ikastaroa du abiapuntu liburuak. Miren Artetxek eta Ane Labakak azaldu dutenez, UEUk antolatutako ikastaro horren helburu nagusia bertsolaritzaren eta genero-ikuspegiaren arteko uztarketa ardatz gisa hartuta, gogoetarako eta eztabaidarako materiala biltzea izan zen. “Alde batetik, eginda zeuden eta burutzen ari ziren/diren zenbait ikerketa eta hausnarketari ikusgarritasuna emateko ahalegina egin genuen; eta bestetik, etorkizuneko gogoetak bideratzeko, fintzeko, osatzeko eta zabaltzeko nolabaiteko abiapuntua proposatu nahi izan genuen”.

Bertsolarien arabera, perspektiba feministaz hitz egitea ez da kontu berria bertso-munduan, eta mugimendu zein akademia feministaren eta bertsolaritzaren arteko lotura ere ez da oraintsuko kontua. Baina, azken urteotan bertsogintzaren zein bertsolaritzaren irakurketa feministek oihartzun handiagoa lortu dutela uste dute. “Irakurketon oihartzuna da, ordea, askori heltzen zaiguna. Eta liburu honetan hotsen iturburuetara jo nahi izan dugu: bertso-mundua feminismotik aztertzen duten hainbat gogoeta-lan interesgarri dira hemen bildutakoak, entzun nahi dituenarentzat irakurgarri”.

Artetxe eta Labakaren esanetan, feminismotik pentsatzeak ez du esan nahi emakumeei buruz pentsatzea denik: “Alderantziz, feminismotik ez pentsatzeak gizarte honetan pentsamendu androzentrista dakar ezinbestean; eta maiz hitz egiten dugu bertsolaritzaz, bertsolariaz zein bertsolariez oinarri neutro gisa gizonak hartuz”. Liburu honekin orain arte idatzitako guztiari berebiziko iraulaldirik ez diotela emango diote liburuaren koordinatzaileek; beraien lana, azken batean, bertsolaritzari perspektiba feminista batetik begiratuz orain arte egin diren lan batzuen bilduma egitea izan dela: “Besterik ez, ala hori dena”.

Bizipenak zein gogoetak, adituak zein arituak, akademia zein herri-jakintza. Era guztietako ekarpenak bildu dituzte liburuan. “Ahalik eta aniztasun gehien lortu nahian, gai eta formatu ezberdinetako artikuluak bildu ditugu liburuan, ekarpen hertsiki akademikoetatik hasi eta formatu aldetik askeagoak direnetaraino”. Guztiei leku egin asmoz, kontzienteki egin dute zenbait dikotomia eraisteko ahalegina: bizipenak vs. gogoeta, aditu vs. arituak, akademia vs. herri jakintza”. Horretaz gain, emakume bertsolari bat arduratu da artikulu bakoitzari atariko bertso bat josteaz. “Kolektibotasuna bistaratzeko saiakera da, hain zuzen ere, hamalau bertso horien bidez egin nahi izan duguna”.

Horrela, liburuan parte hartu dute Izar Alguerók ‘Sofatik oholtzara’, Uxue Alberdik ‘Bertsoraino ‘Kontrako eztarritik’ lanaren alderdi teorikoa, Maider Arregik ‘Sofatik oholtzara’, Miren Artetxek ‘Emakume bertsolari garaikideak. Ahalduntze-prozesu baten kontaketa’, Maite Berriozabalek ‘Gaien garrantzia errealitate eta diskurtsoen eraikuntzan’, Mari Luz Esteban Galarzak ‘Begirada bat bertsolaritzara feminismotik’, Jone M. Hernándezek ‘Gorputz bat ikusten dut zure ahotsean. Gorputz generizatuak bertsolaritzaren soinu-bidean’ eta Nerea Ibarzabalek ‘Naturaltasunaren azpiko guztia’.

Halaber, Oihana Iguaranek ‘Emakumeak bertsogintzan: gai izatetik gai izatera’, Ane Labakak ‘Irribarre erditik irribarre osora. Bertsolaritzan garatutako umorea(k)’, Carmen Larrañagak ‘Bertsolaritza: maskulinitatearen habitat’, Maialen Lujanbiok ‘Arbola hazten, azala zartatzen. Azken 40 urteak bertsolaritzan: bertso-eskolaren sorrera eta emakumeen sarrera’, Maite Martinezek ‘Sofatik oholtzara’, Elixabete Perezek ‘Joxepa Antoni Aranberri bertsolaria, plazandre feminista?’, Iratxe Retolazak ‘Bertsolari emakumeak vs idazle emakumeak: kultur esparruak, kultur autoritateak eta genero-logikoak’ eta Harkaitz Zubirik ‘Altzairua. Kristala. Material organikoa’ ere artikulu bana idatzi dute libururako.

Zabaldu: