(argazkia: Aitor Gonzalez)

[BIDEOA] Dantza bertikalak ardatz, ‘Harria Herria’ film laburra sortu du Dimegaz Kultur Elkarteak

Proiektuan bost dantzari bertikalek, eskalatzaile batek, Oreka TX taldeak, Miren Narbaiza kantariak eta Karmele Gisasola Euskal Herriko harri-jasotzaile txapeldunak, parte hartu dute.

Dimegaz Kultur Elkarteak Harria Herria, bere lehenengo proiektua, Bilboko Mendi Film Festibalean estreinatuko du abenduaren 7an arratsaldeko 19:30ean.

Xabier Sukiaren letran oinarrituta, Harria Herria lanak dantza bertikalaren estetika eta ikusgarritasuna erakusten du, gizakiak suntsitutako espazio natural batean, kasu honetan, Gautegiz Arteagako Andrabide harrobian. Naiara Arrizabalaga, Maite Kaltzakorta, Janire Etxabe, Irune Uriarte eta Naia Negredo dira Bizkaiko horma lakar horiek leuntzen dituzten dantzari bertikalak. Soketatik zintzilik ikusiko ditugu bost emakumeak, eskalatzeko grina antzeztuz, dantzaren espresio librerako. Emakumea egungo gizartean hartzen ari den espazioaren aitortza irudikatzen du filmak.

Proiektuan, Oreka TX taldeak harrizko txalapartarekin parte hartu du eta Miren Narbaiza kantariak Xabier Sukiaren letrari ahotsa jarri dio. Musikariekin batera, Karmele Gisasola Euskal Herriko harri-jasotzaile txapeldunak ere proiektuan parte hartu du.

Xarles Bradenek, Ainhoa Bilbaok eta Janire Etxabek sortu zuten 2017an Dimegaz Kultur Elkartea, eskalada eta dantza bertikala uztartzen dituzten Euskal Herriko “harrietan” sortutako performance proiektuak babesteko, laguntzeko eta partekatzeko helburuarekin.

Aurten Enara Lariz eta Aitor Gonzalez batu dira lan talde horretara. Elkartea Etxabek sortutako hainbat bideo proiektutan laguntzen ari da, horien artean dago Harria Herria lana eta Imanol Marrodan artistaren arte lanaren omenez sortutako Begiradarekin egindako haize lerroa.

Zabaldu: