(argazkia: Euskaltzaindia)

Bilboko Lautan Hiru antzerki jaialdia otsailaren 8an abiatuko da

Egitasmoaren helburu nagusia euskarazko antzerkia hauspotzea da, antzerkilariei plaza berriak eskainiz. Seigarren edizio honetan beste gune bat gehituko zaio Bilboko jaialdiari, hain zuzen ere, hiriko Askao kalean dagoen La Sinsorga kulturgunea. Horrela, sei izango dira eszenatokiak: Bira, Cafe Bar Bilbao, 7Katu gaztetxea, Kalderapeko, La Sinsorga eta Euskaltzaindiaren egoitza.

Otsailaren 8an, 15ean, 22an eta 29an egingo da Lautan Hiru antzerki jaialdiaren seigarren edizioa Bilbon. Hala, lau ostegunez jarraian antzerkiz blaituko dira Zazpikaleak. Bira, Cafe Bar Bilbao, 7Katu gaztetxea, Kalderapeko, La Sinsorga eta Euskaltzaindiaren egoitza izango dira aurtengo agertokiak.

Egitaraua otsailaren lehen astean jakinaraziko dute antolatzaileek, baina iaz bezala, zortzi ekitaldi izango dira (ostegun bakoitzean bi).

Jaialdiaren helburu nagusiak ez dira aldatu azken urteotan: “euskarazko antzerkia hauspotu nahi da, antzezlan guztiak euskaraz emango dira; antzezlanak erakusteko guneak eskaini nahi zaizkie sortzaileei; eta Bilboko Zazpikaleetako giroan eragin nahi da, kultura aukerak zabalduta”, azaldu dute antolatzaileek.

Antzerki-ekoizpenari laguntza

2020an, Euskaltzaindiak antzerki-ekoizpena sustatzeko laguntza berria sortu zuen, Bilboko Udalaren babesarekin. Estreinako laguntza hori Artekartu konpainiak eskuratu zuen, Hauts artean lanagatik. 2021ean, berriz, Les Bobe Bobe konpainiak jaso zuen laguntza, Udaberria heldu da lanagatik. 2022koa eman barik gelditu zen, eta 2023an Iruñeko La Piel konpainiak irabazi zuen, Beren izenez lan laburrari esker.

Zabaldu: