(argazkia: Bizipoza Elkartea)

Bizipozaren jaia egingo dute apirilaren 27an Hernanin

Gonbidatu bereziak izango dira, besteak beste Ttarla dantza taldeko kideak, Porrotx eta Marimototsek ere ikuskizuna eskainiko dute, eta Hernaniko Herburu erraldoi eta buruhandien konpartsakoak ere bertan izango dira. Parte hartzailea den gune bat ere osatu da, tailerren gunea deitutakoa.

Bizipoza Elkarteak jaia antolatu du datorren apirilaren 27rako Hernanin. Bizipoza elkarteko ordezkari Leire Elizegik azaldu duenez, “Bizipoza, gaur egun, Euskal Herri osoko 38 elkartez osatutako elkartea da, Denak izaera bereziko gaiak lantzen dituztenak, eta haur eta familiek osatutakoak, hain zuzen. Hala, Bizipozaren helburua da denona eta denontzat beharko lukeen gizarte inklusibo bat eraikitzea, euskaratik eta euskaraz. Horretarako Bizipozaren helburuak elkarte guzti hauek egunerokoan egiten duten lan hori, eta euren errealitatea gizarteratzea eta eragitea dira”.

Oinarri nagusiak zeintzuk diren ere zerrendatu ditu Elizegik: “euskara, elkartasuna, bizipoza eta auzolana”. Horregatik guztiagatik, Elizegik jakitera eman du Bizipoza Jaia antolatu dutela “helburu horiek eta oinarri horiek betetzeko asmoz”.

Super H elkartearen izenean, Joseba Labakak jaialdiari buruzko xehetasunak azaldu ditu aurkezpenean: “Egun osoko jaia izango da, goizeko 11:00ak aldera hasiko dena. Oraindik egitaraua ez daukagu guztiz itxita, baina data eta tokia jarrita dauzkagu. Tokiari dagokionez, Hernaniko zenbait eremu hartuko ditugu; hala nola, Atsegindegi eta inguruak (Biterin, Urbieta kalean…)”.

Bizipoza elkarteko ordezkari Markel Oiarzabalek adierazi duenez, “Bizipozaren Jai honetan, elkarteak izango dira protagonista, baina saiakera bat egin dugu hernaniarron jaia ere izateko. V Horregatik, hasieratik bildu gara herriko ikastetxeekin, kirol federatuko kideekin, herriko eragile ezberdinekin… Eta esan beharra dugu jaso dugun erantzuna oso baikorra izan dela. Zentzu horretan oso eskertuta eta oso pozik gaude”.

Egitaraua

Egitarau “potoloa” prestatu dute apirilaren 27rako, hala aitortu du Oiarzabalek: “egun osoan izango dira ekintzak. Hainbat eremu erabiliko ditugu horretarako; lehenengo eremua elkarteen gunea izango da, eta bertan herritarrek aukera izango dute elkartea aurrez aurre ezagutzeko, besteak beste. Jan edana ez da faltako txosnan. Horrez gain, ikuskizunen gunea ere izango dugu, eta gonbidatu bereziak izango dira, besteak beste izango ditugu Ttarla dantza taldeko kideak, Porrotx eta Marimototsek ere ikuskizuna eskainiko dute, eta Hernaniko Herburu erraldoi eta buruhandien konpartsakoak ere bertan izango ditugu. Parte hartzailea den gune bat ere osatu dugu, tailerren gunea deitu diogu. Familia guztiak parte hartzeko aukera izango du bertan, noski. Tartean izango da Kanika Aisialdi taldea”. Iturri askotatik edan duen jaialdia izango dela aurreratu du Oiarzabalek: “osotasunean denak bat egingo du apirilaren 27an, Hernanin”.

Jaialdiaz gain, sentsibilizazio kanpaina bat egin dutela ere azaldu du Oiarzabalek: “ez dugu jaialdira bakarrik mugatu Bizipoza Jaia, eta horretarako lehenagotik lanketa bat eskaini nahi izan diogu. Horretarako, Bizipoza Elkarteko kidea den Nerea Godoy herriko eskola guztietako irakasleekin bildu da, Bizipoza eskola zer den azaltzeko, elkartearen filosofia azaltzeko eta horrekin batera, haurrekin saioak eskaini dituzte Porrotxek eta Zapotxinek, pailazo eta haurren arteko hizkuntzan, hitz egin dute Bizipozari buruz”.

Zabaldu: