Pauline eta Juliette (argazkia: Guitaralde)

Bruno Michel Abatik eta Ruper Ordorikak emango diote hasiera Guitaralde jaialdiari, Hendaian

Mary Cooper, Pauline eta Juliette, Michael Jones eta Thomas Dutronc ere igoko dira oholtzara datozen egunetan. Gaztelu Zahar frontoian izango dira kontzertu nagusiak eta hala indarrean diren protokoloak bete eta osasun testuingurura egokitzeko aukera izango da.

Gitarra doinuz bustiko da Hendaia datozen egunetan, Guitaralde jaialdiaren hamargarren edizioarekin. Musika tresna eklektikoa da gitarra eta horrek edozein estilotako talde eta bakarlari jaialdi honetara gonbidatzea ahalbidetzen du. Hendaiako Herriko Kultura zerbitzuak, Besta Batzordeak eta Guitaralde elkarteak antolatzen dute ekimena urtero. Hiru egunez luzatuko da jaialdia eta kontzertuak hainbat agertokitan izango dira.

Hala, Bruno Michel Abatik irekiko du jaialdia gaur, “latino eta brasildar eguzkietan blai den bere gitarra klasikoarekin”. Zuzenekoa Anton Abadia jauregian izango da, arratsaldeko 19:00etan. Ondoren, Ruper Ordorika musikari euskaldunaren txanda izango da, 21:30ean igoko da Gaztelu aretoko oholtzara. Antolatzaileen arabera, “Ordorika bere poesia guztiarekin dardararaziko gaitu. Song writers onenen ondoko duina dugu eta gitarrak testu ederraren arteari zabaltzen dizkion tradizio unibertsal luzean kokaturik da”.

Bihar, osteguna, Mary Cooper gitarra jotzailea izango da oholtzan igotzen lehena. 19:30ean izango da, Errepublika plazan. Ondoren, Pauline eta Juliette Kanbo eta Itsasuko musikariak disko berria aurkeztuko dute gaueko 21:00etan Gaztelu Zahar frontoian, “bere euskal erroa madagaskartar edota latinoamerikar eragin berrietan murgiltzen dute, soinu folk, pop edota worldekin”.

Michael Jones musikari galesa eta Thomas Dutronc frantziarraren zuzenekoekin emango zaio amaiera hamargarren edizio honi, Gaztelu Zahar frontoian. Lehena gehiagotan izan da Guitaralde jaialdian eta antolakuntzak berriz ekartzea erabaki du “bere kantu berriak gu guztion plazerrerako”. Thomas Dutronc, berriz, Frenchy izeneko disko berria aurkeztuko du bere taldearekin.

Zabaldu: