Daniel Txopitea artistaren hogei margolan Gordailura eraman dituzte

Pieza hauek 1973 eta 1996. urteen artean egin zituen artistak.

Familiaren erabakiz, Gordailuak zainduko ditu oraindik aurrera Daniel Txopitearen (Ermua, 1950) hogei margolan. Lan horiek guztiak kontutan hartuta, ia obra guztia gordeko da Gipuzkoako Foru Aldundiko Ondare Bildumen Zentroan. Obra batzuk zaharberritu egin behar direla azpimarratu dute.

Gaur goizean sinatu duten komodatua 10 urterako da eta artistaren familiak Gordailuan egingo diren zaharberritze lanetan parte hartzeko aukera izango du. Margolan hauek 1973 eta 1996. urteen artean egin zituen Txopiteak. Denis Itxaso Kultura Diputatuak arabera, “Artista polifazetikoa izan zen, abangoardia eta euskal ondare kulturala lotzen jakin zuena” “Gordailuan bere obra biltzeak, artistaren errekonozimenduaz gain, Gipuzkoako arte garaikidearen ondarea aberastea dakar, haren dibulgazioa eta ezagutza bultzatuz”.

Txopiteak oso gazte deskubritu zuen bere bokazio artistikoa eta bere lehen sariak 19 urterekin irabazi zituen, Geometría inicial izeneko estiloaren  barnean garatutako lehen lan batzuekin; gainera, beti bere estilo propioaren barruan, bere obrek estilo neokonstruktibista baterantz eboluzionatu zuten, surrealismoaren edo figurazio fantastikoaren lurraldeak bidean arakatu ondoren. Bere burua autodidaktatzat jo zuen beti, eta, batez ere margolaria izan zen arren, bere kezka ikertzaile eta sortzaileari erantzunez, adierazpen artistikoaren beste arlo batzuk ere aztertu zituen, besteak beste, literatura, poesia, diseinua, argazkilaritza eta eskultura. Azken horietako bat da, hain zuzen, Nestor Basterretxea eta Jorge Oteizaren laguntzarekin Zarautzen kokatu zen Cíclope Vigilante izenekoa.

Debako Eskola deritzonaren parte izan zen. Gainera, Fernando Beorlegui eta Iñaki Larrañagarekin batera Gorutz talde artistikoa sortu zuen, eta Enkoari eta Lekarok taldeen sorreran ere parte hartu zuen.  Ezagunak dira bere serie hauek: Gauzak, Figuración Fantástica, Serie Erótica, Figuras en movimiento, Belarrak eta Colosos y Titanes.

Artistak pintura lana uztartu zuen beste jarduera batzuekin eta, horrela, artikulugile, arte kritikari, nobelagile eta poeta gisa ere aritu zen. 1987 eta 1990 artean Txopiteak Donostiako Altxerri Galeria zuzendu zuen.

Goizegi heldu zitzaion heriotza artistari, 47 urte baino ez zituela zendu zen minbiziaren ondorioz, heldutasun artistiko bete-betean. Jarduneko hiru hamarkadetan, bakarkako eta taldekako erakusketak egin zituen, Euskal Herrian bertan eta beste hainbat herrialdetan. Haren lanak hainbat museo eta erakundetako bildumetan daude.

Zabaldu: