Letren Sari Nazionala jasoko du Bernardo Atxaga idazleak

Epaimahaiaren arabera, “euskararen eta gazteleraren modernizazioari eta nazioarteko proiekzioari ekarpen funtsezkoa” egin dio Atxagak.

Bernardo Atxagaren (Asteasu, 1951) ibilbide literario luze eta emankorrari eginiko aitortza da Espainiako Letren Sari Nazionala. Besteak beste, “euskararen eta gaztelaniaren nazioarteko proiekzioan eta modernizazioan eginiko ekarpena” azpimarratu du epaimahaiak, bere eleberrietan “errealitatea eta fikzioa bikain nahastu dituela” aipatuz, hain zuzen, “poesiaz blaitutako narratiba baten eskutik”.

Espainiako Kultura Ministerioak 1984. urtetik ematen du urtero-urtero sari hau, eta idazle baten ibilbidea aitortzea du helburu. Golardoarekin batera, 40.000 euro jasoko ditu idazle gipuzkoarrak.

Joseba Irazu Garmendiaren goitizena da Bernardo Atxaga. Asteasun jaioa, Ekonomia Zientzietan lizentziatu zen Bilboko Unibertsitatean, eta hainbat lanbidetan aritu izan zen (euskara irakaslea, irratiko gidoilaria, liburu-saltzailea, ekonomialaria, etab.), harik eta, azkenik, laurogeiko hamarkadaren hasiera aldera, literaturari bete-betean ekin zion arte. Liburuok argitaratu ditu, beste hainbaten artean: Bi Anai (1985), Obabakoak (1988, Euskadi Saria, Espainiako Premio Nacional de Narrativa, IMPAC European Literary Award sarian finalista), Gizona bere bakardadean (1993), Zeru horiek (1995), Soinujolearen semea (2003, Grinzane Cavour Saria, Mondello Saria, Times Literary Supplement Translation Prize saria), Zazpi etxe Frantzian (2009) eta Nevadako egunak 2013, Euskadi Saria). Bere obra, 34 hizkuntzatan irakur daitekeena, zinemara eraman dute Montxo Armendarizek (Obaba, 2005), Aizpea Goenagak (Zeru horiek, 2006) eta Imanol Rayok (Bi anai, 2011). Euskaltzain oso da, eta Erlea aldizkariaren zuzendaria.

Urrian argitaratu zuen bere azken eleberria izango dena, Etxeak eta hilobiak izenpean.

Zabaldu: