Gasteizko Magialdia irailaren 14tik 20ra bitartean egingo da

Edizio berri honen programan 30 ilusionistak parte hartuko dute. Berrikuntza gisa, Farolen Museoan izango den agertokia aurkeztu dute.  

Gasteizko Magialdiaren 32. edizioa irailaren 14tik 20ra bitartean egingo da Arabako Ilusionisten Elkartearen eskutik. “Etsipen garaietan magia inoiz baino beharrezkoagoa da. Horregatik da hain berezia jaialdiaren edizio hau“, adierazi du Gasteizko Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estibaliz Cantok jaialdia aurkezteko agerraldian.

Jaialdiaren zuzendari Jose Angel Suarezek, bestetik, programaren berrikuntzak aurkeztu ditu, zeinean 30 ilusionistak parte hartuko baitute orotara. “Magia ibilbideak zabalduko ditugu, agertoki berria -Farolen Museoa- eta beste egun bat gehituz, galdutako edukiera konpentsatzeko”, jakinarazi du.

Egitarauak hainbat jarduera barne hartzen ditu: magia lantegiak, ikuskizunak BIBAT museoko plazan, Magia duten erakusleihoak, Gertuko magiako ibilbideak eta Ekomagia saioa. Ohiko galak ere egingo dira: Haurrentzako magia gala, Heraclio Fournier gertuko magiako nazioarteko gala, agertokiko magiako nazioarteko gala, gertuko magiako bakarlarien gala eta helduentzako magia gala.

Mago profesionalentzat, bestetik, hitzaldi programa bat antolatu da, Magia Azoka, eta bisita gidatuak Gasteizko kultur eta turismo baliabideetara.

“Gasteiztar guztiak gonbidatu nahi ditut Magialdira, ilusioaren lilura senti dezaten. Urte batean probatzen duenak errepikatu egiten du”, azaldu du zinegotziak.

Zabaldu: