'Basahaideak' dokumentala gaur, Donostiako Trueba Zineman, 21:15

Gaur abiatuko da Dock of the Bay, Donostiako Musika Dokumentalen Jaialdia

Denetara 20 film dokumental proiektatuko dituzte urtarrilaren 12ra bitartean Donostiako Antzoki Zaharra eta Trueba aretoetan. Sail Ofizialak erakutsiko ditu lehiaketan parte hartuko duten lanak, beste hiru sailetan berriz, lehiaz kanpokoak izango dira.

“Hamaika hilabetez galdetu diogu gure buruari nor garen, zer jaialdi nahi genuen, norantz jo nahi genuen. Hamaika hilabetez jardun dugu behatzen eta aztertzen zine dokumental musikalaren nazioarteko egoera, gero eta proposamen ugariagoak biltzen ari dena, eta askoz ere ausartagoak gainera. Eta baliteke aurtengo hau izatea, 12 urteren ondoren, Dock of the Bay-ren ediziorik hausnartuena, aztertuena eta landuena”, aurreratu dute antolatzaileek.

Aurtengoa erronka berezi bat dela diote, baita lehiaketa sailaren apustu bat ere, historiak kontatzeko modu berri horiek txertatzearen alde. “Kontakizunak gure barruetan geratzea, kontakizun horiek gu harrituta uztea eta zine dokumental musikalari berari ikuspegi desberdinetatik heltzea”, da hamabigarren edizioaren asmoa. Horregatik ekarri nahi izan dituzte Dock of the Bay honetara begirada berri horiek, “bizitzako historia liluragarriak zeharkatu eta zirrara egiten diguten formatuekin jolas egiten dutenak”.

Forma narratibo berrien aldeko apustu horrek berak ere eraman ditu Dock Live sortzera. Zinea eta zuzeneko musika batzen saiatuko den sail berezi bat, publikoari iheskorra den zerbait, berriz ere inoiz errepikatuko ez den zerbait behatzearen sentsazio hori eragiteko.

Gainera, joan den edizioan hasiera emandako bi sailak mantenduko dituztela iragarri dute: Perfect Day, urteko dokumental nabarmenenak eta sarituenak jasotzen dituena, eta Paint it Black, aurten Fernando Trueba-ren atzerabegirako baten alde apustu egingo duena.

Gazteei zuzendutako publiko berrien sailarekin ere jarraituko dute, eta musikaren, literaturaren eta irudiaren arteko erlazioan pentsatzen jardungo dute oraingo honetan ere, ikus-entzunezkoaren inguruko mintegian.

Basahaideak dokumentala

Gaur Basahaideak dokumentala Trueba Zineman ikusi ahal izango da 21:15ean. Ipar Euskal Herrian, Zuberoako paisaia ederrak atze-oihaltzat daudela, bertako kanta zaharren kulturan barneratzen gaitu Elsa Oliarj-Inèsek. Bere anaia Oihan, musikari gaztea, lanean ari da melodia tradizional horietarako akonpainamendu instrumental moderno bat moldatzeko asmoz. Zuberoako gizon-emakumeek abestutako kantak dira, euskal kulturari, bertako musikari eta inguruko natura zoragarriari dioten betiereko maitasunaz hitz egiten digutenak.

 

Zabaldu: