‘Harria Hitz’ bisita gidatua egingo dute uztailaren 25ean, Usurbilen

Ibilbideak euskal kultura garaikidearen susperraldian jokatutako papera ezagutaraztea du helburu eta horretarako Usurbilen ikus daitezkeen zenbait elementu ezagutuko dituzte bertara hurbiltzen direnek.

Ereiten Kultur Zerbitzuak-eko kideak Harria Hitz bisita gidatuekin bueltan dira beste behin. Uda eta udazkenari begira sorpresa eta ekitaldi berriak prestatu dituztela iragarri dituzte euren webgunean. Hala, aurtengo lehenengo bisita gidatua uztailaren 25ean egingo dutela jakinarazi dute. Bisita oraingoan ere Usurbilen abiatuko da goizeko 11:00etan.

Euskal tradizioa eta modernitatea ederki uztartu dituen adibide garbia dugu Usurbil. Herriaren euskal arte eta sorkuntzarekin bat egiten du eta konpromisoa beti izan da senda. Ereitenekoek azaldu dutenez, “Usurbilen inon baino hobeto islatzen da 60ko hamarkadan Euskal Herrian gertatu zen kultura-eztanda eta baita horren ondorengo loraldia ere”.

Harria Hitz ibilbideak Usurbilek euskal kultura garaikidearen susperraldian jokatutako papera ezagutaraztea du helburu eta horretarako herrian ikus daitezkeen zenbait elementu ezagutuko dituzte bertara hurbiltzen direnek: Dema Plaza, Udarregi bertsolariaren omenezko eskultura, Jose Luis Zumetaren murala, Mikel Laboa Plaza, Alejandro Tapiaren murala, Askatasuna Plaza, Sagardoaren Monumentua…

Bisitaren prezioa 5 eurokoa izango da. Aldez aurretik izena ematea beharrezkoa da (15 lagun, gehienez). Azalpenak euskaraz emango dira.

Informazioa eta erreserbak egiteko: 688 818 017 / info@kultour.pro

Zabaldu: