Herri Haitada Ainhoan egingo da maiatzaren 18an

Argazkia: Erran.eus

Sara, Urdazubi, Zugarramurdi, Etxalar, Bera eta Ainhoako herrien arteko harremanak bermatu eta euskara sustatzeko asmoz, sortu zen iaz Herri Haitada Saran, Izarrak errugbi taldearen eskutik. Aurten Ainhoan egingo da ekimena, maiatzaren 18an eta sei herrietako parte hartzaileak hamabi proba desberdinetan lehiatu beharko dira: oinezko lasterketa, mendi bizikleta, pilota, sukaldaritza, dantzak, bertsuak, euskal jokoak, kultur quizz… Herri bakoitzak 40 laguneko talde mistoa eta adin guztietakoa osatu beharko du desafioetan parte hartzeko. Joko guztietan herrika irabazten dira puntuak eta egunaren bukaeran puntu gehien bildu dituen herriak irabazten du. Iaz, Saran egin eta bertakoak nagusitu ziren, Ainhoak berriz, bigarren postua lortu zuen.

Probak goizeko 8:15ean hasiko dira eta egun osoan luzatu, arratsaldeko 19:00etara arte. Ondoren, indarrak biltzeko afari baten inguruan elkartuko dira sei herrietako parte hartzaileak, bertsolariak eta Los Botxeros taldeak alaiturik.

Egun guztian zehar musika taloak eta ostatua izango dira Ainhoan.

Zabaldu: