(argazkia: Elkar)

Ilustrazio eta Ipuin Lehiaketaren 13. edizioa abiatu du Elkar Fundazioak

Irakurzaletasuna eta euskararen erabilera bultzatzea du helburu lehiaketak. Lanak aurkezteko epea apirilaren 16ra arte egongo da zabalik.

Beste urte batez, Ilustrazio eta Ipuin Lehiaketaren edizio berri bat abiatu du Elkar Fundazioak. Aurtengo honetan, Lur Gallastegik idatzitako Munduari bira pastel batean ipuina irakurri eta ilustratu beharko dute txikienek (Haur Hezkuntza 4tik Lehen Hezkuntza 4ra). Koxkorragoek (Lehen Hezkuntza 5etik Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza 2ra), berriz, Adur Larreak sortutako ilustrazioan oinarritu beharko dute beraiek sortutako ipuina. Azkenik, komiki ala binetaren atalean, DBH3 eta 4ko ikasleek Bizitza itsasontzian izango dute ardatz lanak sortzeko.

Urtero legez, parte hartuko duten haur eta gazteei zuzendutako sariez gain, ikastetxeei zuzendutako opari bereziak izango direla iragarri du Elkarrek: alde batetik, Laboral Kutxak Basque Culinary Center-a ezagutzera eramango ditu bi ikasgela; eta Irrien Lagunen Klubak ikuskizun batekin sarituko du ikastetxe parte-hartzaileetako bat.

Aipatutako bi babesle hauetaz gain, aurten Elkanok munduari bira eman ziola 500 urte betetzen direnean, Elkano Fundazioa ere bidelagun izango da. Hori horrela izanik, edizio honetako gaia estuki lotuta dago Elkanorekin: kultur aniztasuna, itsasoa, itsasontzia, eta abar.

Ipuinak, ilustrazioak eta komiki ala binetak aurkezteko epea apirilaren 16ra arte izango da. Informazio edo material gehiago nahi izanez gero, lehiaketaren atarian, elkar.eus-en, lehiaketa@elkar.eus helbidera idatzita edo 943 310301 telefonora deituta izango duzue.

Zabaldu: