Elena Haira, Amaia Hiriart eta Maia Iribarne Olhagarai musikariak

Iparraldea Bertan zikloa Donostiako KMK-ra itzuliko da gaur

23. edizio honek musikaren eta literaturaren inguruko lau saio eskainiko ditu, denak arratsaldeko 19:00etan KMK-ko Areto Nagusian, Donostiako Alde Zaharreko Santa Teresa Komentuan izango dira.

Gaur, otsailak 28, abiatuko da Iparraldea Bertan zikloaren 23. edizioa. Ipar eta Hego Euskal Herriaren artean zubiak eraikitzea, mugak ezabatzea eta Iparraldeko kultura bizia hegoaldean ezagutzera ematea dira jardunaldi hauen helburu nagusiak. Edizio honetan, lau saioak musika eta literaturaren ingurukoak izango dira euskaraz.

Lehenengo egunean, Habia – LagunArte konpainiaren kontzertua izango da. Elena Haira, Amaia Hiriart eta Maia Iribarne Olhagarai taldekideek sorkuntza berriak interpretatuko dituzte, tradiziotik abiatuta, eta Animalia naiz diskoko kanturen bat. Hiru hari-instrumentu eta hiru ahots batera, “mundua mugimenduan sentitzeko”, musikari hauek kontatu duten bezala.

Martxoaren 6an, asteazkena, Elise Dilet-ek eta Antton Hariñordokik nerabeentzako Haize leizean eleberria aurkeztuko dute, haiek idatzia eta Ainize Butronek ilustratua. Haize da liburu honetako protagonista, gaixo dagoen amarekin bizi den nerabe bakarti bat. Haizeri etxetik urrun den musika eskola famatu batean sartzeko proposamena helduko zaio: hautu bat egin beharko du, ezezagunera jauzi erraldoia eman, ala bere egunerokotasunean jarraitu, amaren ondoan. Saio honetan, idazleek eta ilustratzaileak eleberriaz hitz egingo dute, haren ertz desberdinak jorratuz.

Zikloaren hirugarren saioan, Arriola-Ezcurra bikoak Koldo Mitxelena Kulturunearen oholtzara igoko da kontzertu bat eskaintzeko, martxoaren 13an. Philippe de Ezcurrak (akordeoia eta ahotsa) eta David Arriolak (saxofoia) osatutako taldea bere historiaren parte den musika berraurkitzeko nahiak bultzatuta sortu zen, baina gaur egungo interpretazio oso bizian eta sormen espontaneoan eta librean oinarrituta. Bere sustraiak Euskal Herriko ezaugarri kultural nagusiak diren dantza eta kantutik datozen arren, beste herrialde eta kultura batzuetako doinuekin aberastuz joan dira (Hego Amerika, Balkanak…).  Dantza, kantua eta poesia uztartuko dira emanaldian.

Edizio honi amaiera emateko, martxoaren 20an, Ekhi Lambertek kontzertu bat eskainiko du Inbasioak diskoa aurkezteko. Askotariko lana da honakoa, txoko, bazter eta pasabidez betea, baina pop orkestralaren ildoa alde batera utzi gabe. Musikari handiek lagundu diote Ekhiri abentura honetan: Oiasso Kameratako hari musikariak, Joseba Irazoki, Felix Buff, Oihan Oliarj-Ines, Ludovic Leriche eta Vincent Mougel. Azken hau Lambertekin izango da Iparraldea Bertan zikloaren barruan eskainiko den kontzertuan. “2023ko udaberrian grabatutako diskoak giro dotorea eta epikoa ehuntzea lortu du, musikariei askatasun-marjina zabalak emanez, orkestra-musikak markatutako ildoak gorabehera. Hasiera batean banakako lana izango zena, talde lana bihurtu da”, azaldu dute zikloaren antolatzaileek.

Zabaldu: