Iruñeko San Fermin festak ardatz hartuta, lau erakusketa paratu dituzte Ziudadelan

Udalaren arte garaikidearen bildumako 27 egileren obrak, tokiko artistek propio sortutako 57 obra, Nafarroako hainbat diseinatzailek ospatu ezin diren festatarako pentsatutako 44 kartel eta 3 ikus-entzunezko proiekzio daude ikusgai.

Sanferminetan oinarrituta, lau erakusketa paratu dituzte Iruñeko Ziudadelan, irailaren 12ra arte. “Zuhurtziak eta erantzukizunak festak bertan behera uztea eragin duten urte baterako proposamena da honakoa”, adierazi du Iruñeko Udalak. Obra bilduma hauek Biba Iruña bizirik! programaren barruan daude.

Lau erakusketa hauen bidez, Udalaren arte garaikidearen bildumako 27 egileren obrak, tokiko 57 artistek propio sortutako 57 obra, Nafarroako hainbat diseinatzailek ospatu ezin diren festatarako pentsatutako 44 kartel eta 3 ikus-entzunezko proiekzio erakutsiko dira.

Mistoen eraikinean dagoen Imajinatutako sanferminak erakusketa kolektiboak, festen inguruko hausnarketa bultzatzea du xede. Horretarako, 50 artista baino gehiago gonbidatu dituzte testu batez lagundutako obra bat beren-beregi sor dezaten. Horietako 57ren lanak egongo dira ikusgai, denak egin berriak.

Sortzaileak obra bat propio sortzera gonbidatzeko antzeko ideia dago 2020-2021 Dantzatu ez genuen urteak. Ospatu ezin izan zen festa baterako kartelak erakusketaren atzean, zeina Nafarroako Komunikazio- eta Publizitate-Enpresen Elkartearekin batera egin baita. Asmoa izan da ospatuko ez diren festa batzuetarako sanfeminetako irudizko kartel baten diseinua eskatzea “Sanferminik gabeko bi urte hauek arintzeko” xedez. Horretarako Nafarroako diseinatzaile, artista eta diseinu estudioak gonbidatu dira. Bolborategian bisitatu daiteke erakusketa hau

Erabat ezberdina da Labean egongo den proposamena. Ikus-entzunezko proiekzioetan datza. Espazioan pentsatuz, Udalak ikus-entzunezko instalazio baten aldeko apustua egin du, festetako hainbat uneri buruzko hiru proiekziorekin. Bik festetako askotariko uneak eskaintzen dituzte, bakoitza hamar minutu inguruko iraupenarekin. Hirugarrena, berriz, lurreko proiekzio bat da, zeinak Iruñean gertatzen diren irudi, irudipen eta zirraren nahasketarekin egindako bi mosaiko eskaintzen baititu.

Egurra tristurari. Parerik gabeko festa baten oroigarriak erakusketak festetako arte-ondareko pieza esanguratsuak berreskuratuko ditu Arma Aretoko lehen solairuan. Berezko duen identitatea galdu gabe etengabe aldatzen doan festa bat gogora dakarten oroigarriak dira. Festa hauen denboran barnako bidaia iradokitzailea proposatzen du, Basianoren 1929ko kartel iragarletik hasita, 50eko hamarkadatik gaur egunerainoko San Ferminak zeharkatzen ditu, eta Julio Pardoren Zapi gorriarekin amaitzen da, Gazteluko plaza distopiko batean amets egitera eta nabigatzera gonbidatzen duena.

Zabaldu: