(argazkia: Euskaltzaindia)

Itxaro Borda euskaltzainak ‘Mugari tirorik ez’ izeneko idazlan pertsonala irakurri du Sarrera-hitzaldian

Idazleak batez ere, sortzaile ibilbidean idatzi dituen olerkiak eta muga hitzak bere baitan izan dituen eraginak eta esanahiak izan zituen hizpide hitzaldian, baina Ipar Euskal Herriaz, euskalduntasunaz eta feminismoaz ere hitz egin zuen.

Euskaltzaindiak 2022ko azaroaren 26an izendatu zuen euskaltzain oso Itxaro Borda idazle baxenabartarra. Akademiaren barne-arauek agintzen dutenari jarraikiz, Sarrera-hitzaldia irakurri zuen larunbatean jendaurrean. Maddi Oihenart abeslariak eta Juantxo Zeberio musikariak girotu zuten atarikoa, eta ondoren hasi zen ekitaldi instituzionala. Andres Urrutia euskaltzainburuak eta Jean-Rene Etchegaray Baionako auzapezak ongietorria egin zieten bertaratutakoei eta, jarraian, Bordak Sarrera-hitzaldia irakurri zuen. Mugaren kontzeptuaz, euskararekin duen harremanaz edota euskal idazle gisa izan dituen zenbait bizipenez aritu zitzaien bertaratutakoei, tarteka berak idatzitako poema-sortak irakurri zituela. Hasieran, berari egokitu zitzaion 4. aulkian eseri ziren euskaltzainak izan zituen gogoan: Videgain, Campion, Guerra, Etxaide, Lartzabal, Peillen… Eta bere hitzaldiaren titulua ere euskaltzain baten idazlan bati eginiko keinua dela esan zuen, hain zuzen, Piarres Lartzabalen Mugari tiro antzezlanari.

Muga hitzaren inguruko gogoeta sakonak egin zituen Bordak, hitz horrek euskaldunengan sortzen dituen kontraesan, beldur eta aieruak aletuz: “Mugatua den mundu bateko jende mugagabeak gara (…). Muga pertsonifikatuak. Hor dira jartzen ditugunak, jartzen dizkigutenak”. Berak ere muga franko gurutzatu ditu bere bizitzan zehar, “batzuetan itzulerarik gabe”. Aitortu zuen espazio horretan oreka galtzear kausitu dela sarritan, “oreka galdua zutenekin eguneroko ahaleginetan”. Eta halakoak ondorioztatu zituen: “Mugak, aldizka, errotzen eta exiliatzen gaitu (…). Muga, batzuen ametsa da eta besteen amesgaiztoa”.

Frontera eta muga hitzen arteko desberdintasunak aztertu zituen gero, muga hitzak marra soila eta askotan arbitrarioa den fronterak baino espazio sendoagoa betetzen duela esanez. Literatura ere mugako egikera omen, eta zentzu horretan, berak mugalari “izpiritua” dauka, “onerako eta txarrerako”. “Hor nago, egundainokoan, orekaren mugetan, ezagutzen ez dudanaren leizea oin pean eta erortzeak zenbat kostatzen duen hausnarrean”, aitortu zuen Bordak, “idazlea, hondarrean, Sisifo bat delako”.

Ondoren bere ibilbide literarioa aletu zuen, eta, bidenabar, bere inguruko hizkuntzekin izaniko harremana. “Memoriaren intimitatean elkar bizitzen zebilzkigun euskara, gaskoia, frantsesa eta kolegioan gehitu zaizkigun ingelesa eta gaztelania (…). Askotan arras euskaldunak ere ez ginela entzun behar izan genuen, gu baino perfektuagoak ziren euskaldunen partetik. Mugetakoak, ipar mugetakoak, hitzak trukatuz iraun zuten hiztunak”. Hemen bere “izpiritu xarnegua” aipatu zuen, gustatzen zaiolako “hizkuntzak ikastea, ezagutzea, hizkuntzekin lan egitea, jostatzea, komunikatzea”.

Gogoratu zuen, baita ere, telebistarik ez zegoen etxean idatzitako hastapeneko poemak, Lafitten gramatikarekin, Haize Garbia-ko hiztegiekin eta Herria astekariaren laguntzaz euskara berreskuratzen hasi zeneko momentu hura, Maiatz aldizkariaren sorrera, bere lehen itzulpenak, liburuak, prentsarako eginiko artikulu andana, Seaskan eginiko ahaleginak…

Ondoren, literaturari heldu zion eta “euskal emazte idazleei bidea ireki zien belaunaldiaren parte” sentitzen dela adierazi zuen. Hortxe aipatu zituen Amaia Lasa, Laura Mintegi, Arantxa Urretabizkaia, Tere Irastortza, Marixan Minaberri eta Marikita Tanburin: “Kezka sozial berriak ekarri genituen plazara, gorputzaren inguruko ikuspegi pentsaezinak eta, bistan dena, oroz bat, planeta honetako jendetzaren erdiaren presentzia literarioa (…). Erakutsi nahi genuen, egunean eguneko euskara beharbada inperfektu batean, gure mundua ez zela bakarrik artzainez, laborariz, apezez eta hondar denboretan kazetariz eta irakasle kristinoz osatua (…). Emazte sortzaileak hor ginen, aniztasunaren ikur, eta emakume horietatik zenbait lesbianak ginen. Amaia Ezpeldoi detektibeak, 30 urteko bere ekinean, Euskal Herriko LGBTQIA+ jendearen destinoa paperean etzan du”. Aurretik, Maiatz-erako idatzia zuen Bordak ipuin eder bat, Klara eta biok, non euskal literaturako lehen neska bikote esplizitua erakusten den.

Baina bide luze eta emankor hau ez du bakarrik egin, eta aitortza egin zien Bordak bere laguntzaile eta lagunei, tartean, Jean Errecart, Junes Casenave, Manex Erdozaintzi-Etxart, Eñaut Etxamendi eta Luzien Etxezaharreta.

Periferiako idazlea, inpostorea…

“Periferiako idazlea ez ote naizen galdetzen didate anitzetan. Bada euskal munduan zentro erabakitzaile garrantzitsu bat? Periferiakoa izateak idazle minorea naizela erran nahi ote du?”, kezkatu zen Borda, baina ororen gainetik herria, hizkuntza eta literatura maite dituela azpimarratu zuen: “Idaztea izan da herriarekin ukan dudan lotura nagusia (…). Ez naiz euskararen jabe sentitzen, euskara eman zidaten, galdu eta berreskuratu nuen, ez niretzat atxikitzeko baizik eta partekatzeko, esku-zabal linguistikoa izateko”. Baina aitortu zuen bere kultur ekinean zalantzak zituela, “inpostore” sentitzen dela maiz, “batez ere gaur bezalako egun zehatzetan”, baina gaineratu zuen hori dela bere betekizun “obsesiboa”, mugalari izateak oparitzen dion “aldi berean inside eta outside ibiltzearena”.

Sarrera-hitzaldia bukatu zuen ingurukoei eskerrak emanez (“deus ez da egiten ahal, inguratzen gaituztenen konplizitaterik gabe”), mugaren kontzeptuari azken astindu bat emanez (“muga sorkuntzaren derrigorrezko baldintza da”), eta, nola ez, irakurleak xaxatuz: “iraun beza irakurlea esnaturik eta kritikoa izaten, ez diot besterik desiratzen”.

Zabaldu: