Joan Fontcubertak ‘Dinosaurios’ lan berria aurkeztuko du Donostiako San Telmo Museoan, larunbatean

Argazki-liburuaren aurkezpena abenduaren 16an izango da, larunbata, Garuna (k) erakusketaren programazioaren barruan; erakusketa egun berean irekiko da, eta Fontcubertak ere parte hartuko du bertan, Pilar Rosadorekin batera sortutako Déjà-vu instalazioarekin.

Larunbat honetan, abenduak 16, Joan Fontcuberta argazkilariak Dinosaurios lana aurkeztuko du Donostiako San Telmo Museoan, Argazkia: alkimiatik algoritmoetara izeneko hitzaldian. Saioa museoak Gabriela Cendoya Bergareche Collectionekin batera argazki-liburuen bilduma eta formatu artistiko hau ezagutzera emateko antolatzen duen programazioaren barruan kokatzen da. Gainera, oraingo honetan, hitzaldia Garuna (k) erakusketaren programazioaren barruan ere badago.

Aurkezpena 12:00etan izango da museoko areto nagusian, sarrera librearekin edukiera bete arte.

Dinosaurios-ek Fontcubertak urteetan zehar egin dituen dinosauroen zuri-beltzeko argazki sorta bat aurkezten du, DALL-E programarekin Adimen Artifizialaren bidez sortutako beste batzuekin batera. Liburua klingon hizkuntzan idatzita dago.

Klingoniera hizkuntza eraikia eta artistikoa da, Marc Okrandek Paramount Pictures estudioetarako garatu zuen klingon arrazako herri hizkuntza gisa Star Trekeko unibertsoan.

Liburuaren jatorrizko izenburua HeghDI ‘vem ghaH, tu’ lu ‘Dinosaur da, eta euskaraz Esnatu zenean, dinosauroa oraindik han zegoen esan nahi du. Dokumentu honek agerian uzten du klingontarrek Lurra okupatzeko dituzten plan ezezagunak, euren maskotek lagunduta, zeinak ingeniaritza genetikoaren bidez eraldatuta, suntsipen handiko arma bihurtzen diren.

Déjà-vu, Pilar Rosado eta Joan Fontcubertarena, Garuna(k) erakusketan

Fontcubertak, gainera, San Telmo Museoan ostiral honetan aurkeztuko den Garuna(k) erakusketan parte hartuko du, Pilar Rosadorekin batera sortutako Déjà-vu instalazioarekin. Erakusketa larunbatetik, abenduaren 16tik, aurrera egongo da publikoarentzako zabalik.

Garuna(k) erakusketak hainbat eremutatik aztertzen ditu organo honek historian zehar izan dituen misterioak. Material historiko, zientifiko eta artistikoaren bidez, erakusketak esperientzia kontzienteaz dugun ulermena zalantzan jartzen du. Arteak, zientziak eta filosofiak historian zehar organo hau nola aztertu eta irudikatu duten aztertzen du.

Testuinguru horretan, Fontcuberta eta Rosadoren lanak orainaldiko irudiei buruz hausnarketa egitera eta irudi horiek gure gizartean duten papera birpentsatzera gonbidatzen gaitu, izan ere, egungo paradigmak ikusizko mundu bat aurkezten du, non adimen artifizialek sortutako irudiekin batera bizi garen.

Zabaldu: