Jon Gerediagak Xabier Lete Euskarazko Nazioarteko V. Poesia Saria jaso du

Poeta eta antzerkigile bilbotarrak Natura berriak obrarekin irabazi du lehiaketa.

Jon Gerediagaren Natura Berriak lanak irabazi du Xabier Lete Euskarazko Nazioarteko V. Poesia lehiaketa. Saria emateko ekitaldia Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean egin zuten atzo arratsaldean. Sarituak Jose Ramon Anda eskultorearen obra bat eta 12.000 euro jaso ditu.

Alex Gurrutxaga idazleak Leteren poemak irakurrita eman zioten hasiera ekitaldiari. Ondoren, Maider Gorostegi aurkezleak Lourdes Otaegi eta Joxerra Garzia epaimahaiko kideak gonbidatu zituen agertokira eta Gerediagaren lanari saria emateko arrazoiak azaldu zituzten. Hala, epaimahaiak Gerediagaren obrak estilo batasun eta kohesio handia duela nabarmendu zuen, batik bat, “estilizazioan egin duen ahalegin poetikoaren kalitatea”. Halaber, naturaren betiereko bilakaera lantzeko eran autoreak erakutsi duen ausardia ere goraipatu zuen epaimahaiak, “poesia lanik handienetan” landu ohi den gaia baita. Hain zuzen ere, liburuaren gai nagusia da naturaren elementuen sorrerari eta iraupenari buruzko gogoeta poetiko-filosofiko bat, non edertasun ekologiko hori giza begiratuaren pean jartzen baitu olerkariak.

Natura Berriak poema lirainez osatutako bilduma da, ideia ardatz jakin batzuen inguruan eratu duen etengabeko lanketa batean oinarritua. Behaketa poetikoaren aszetika dario obrari, eta, hurbileko behaketa orori dagokion legez, tempus geldo batean eraikia dago. Orobat, hainbat mende eta tokitako ekarpen poetiko ugari azaleratzen ditu, lerroartean kokatzen dituen zita xeheetan iradokitzen duenez”, adierazi zuen epaimahaiak.

“Urruneko Ekialdeko poesiaren fintasuna eta sakontasuna ere iradokitzen dituen arren, asmo poetikoa mendebaldekoa du: Lucrezio poeta-zientzialariari buruz egiten duen lehenbiziko zitan De rarum natura-ri buruz ari dela iradokitzen digu, sortutako materia ororen norabide eta funtsari buruzko galderak eginez. Asmo hori gauzatzeko, egutegi moduko bat egituratzen du egileak, eguneko orduen arabera garatua, non gizakiaren bihotz hauskorra azaltzen zaigun materia guztien artean, egunetik egunera orduen gurpilean murgilduta”.

Ekitaldia amaitzeko, Leteren figura nabarmendu zuen Kulturako diputatu Harkaitz Millanek: “Letek euskararekin, herriarekin eta kulturarekin zuen konpromisoa izan zen bere ibilbidearen ardatza, ez bakarrik ikuspegi artistiko indibidualetik begiratuta, baita arlo sozialean ere. Lehenbizi, kultura ekintzaile gisa, Ez Dok Amairu bezalako kultura kolektiboen bidez, garai baten soinu banda sortuz; eta, geroago, Gipuzkoako Foru Aldundian bertan izandako erakunde erantzukizunen bidez, 1985. urtean Kulturako foru diputatu izan baitzen”. Millanek aurreratu zuenez, Leteren heriotzaren hamargarren urteurrenarekin bat eginez, urrian bere omenezko ekitaldi berezi bat egingo da.

Zabaldu: