‘Keinu’ antzerki ikastaroak antolatu dituzte Gernikan

Ziomara Hormaetxek, Maren Basterretxeak eta Eneritz Artetxek eskainiko dituzte saioak maiatzeko asteburuetan.

Artedramak eta Gernikako Kultur Etxea Fundazioak elkarlanean, arte eszenikoetara hurbildu nahi duten herritarrei aukera luzatu nahi die jolasa, irudimena eta sorkuntza elementu nagusitzat dituen antzerkiaren abenturan murgiltzeko. “Gernika-Lumon kultur eskaintza anitza emateko asmotan Keinu antzerki ikastaroak ere eskaini nahi ditugu”.  Horretarako, arte eszenikoen mundura lehen pausua emateko tailer trinkoak euskaraz proposatzen dituzte eta horiekin batera antzerkigile ezberdinen begirada ezagutzea dute helburu. “Gure keinu antzerkigileei, antzerkizale eta etorkizuneko aktoreei zabaldu nahi diegu gure herrian eta eskualdean”.

Beste behin ere, antzerkia jolas moduan euskara hutsean lantzea da antolatzaileen erronka nagusia. “Saio hauetan ikasle bakoitzak bere sormenezko unibertso propioa eraikitzea gustatuko litzaiguke eta antzerkiak dituen forma guztiak ezagutzea gurekin”.

Hiru asteburutan 6 eta 11 urte bitarteko haurrentzako ikastaro trinkoak biltzen ditu Keinu programak:

Aurrenekoa maiatzaren 8an eta 9an izango da Ziomara Hormaetxerekin Astran. Irudimena dantzatuz izenpean, Hormaetxek dantza gure egunerokotasunera eramateko aukera bat bezala ikusten du tailerra. “Gure eguneroko bizipenak mugimendura eramateko aukera bat. Irudimenerako zabalgunea, ate ireki bat. Bakoitzak bere irudimenean eraikitako irudiak izango dira mugimendua lantzeko abiapuntua”, azaldu du.

Bigarrena maiatzaren 15ean eta 16anizango da Maren Basterretxearen eskutik. Biziarazi izenpean, haurrak txotxongiloen antzerkira hurbiltzea du helburu tailer honek. “Ezagutzen al dugu txotxongiloen mundu zabala? Munduko kultura guztietan aurki daitekeen fenomenoa da txotxongiloa, eta material zein ezaugarri guztietakoak daude. Objektu sinpleenari irudimen eta teknika apur batekin bizia dario. Gizakion itxura hartzen dute, baina imajinatu ezin ditugun horiek ere egin ditzakete txotxongiloek, gure gaitasunetatik kanpo doaz. Hortik, Jainko Txiki bezala izendatzea zenbaitek. Gure gorputza eta objektuak jarriko ditugu jolasean tailerrean zehar txotxongiloen biziaren oinarriak ulertu eta praktikan jartzeko”, azaldu du Basterretxeak.

Eneritz Artetxek eskainiko du hirugarren eta azken ikastaroa maiatzaren 22an eta 23an, Gorputza, espazioa eta irudipena izenpean. “Saio hauetan gorputzarekin, espazioarekin eta irudimenarekin jolastuko gara”, azaldu du Artetxek. Gorputz eta ahots adierazpena landuko dituzte, haurrak irudimenezko egoera ezberdinetan murgilduko dira eta hainbat pertsonaia gorpuzteko aukera izango dute. “Jolas zein inprobisazio ezberdinen bidez, gure sormena eta adierazpena jarriko ditugu martxan. Gorputza, mugimendua eta irudimena erabiliz gure artean komunikatu eta ondo pasatzea izango dira saio hauen helburu nagusiak”.

Izena emateko, jarri gurekin harremanetan 686 198 264 telefonora deituz, edo info@artedrama.eus helbidera idatziz.

Zabaldu: