(argazkia: Etxepare Euskal Institutua)

Kimuak programak irabazi du aurtengo Zinemira Saria

Euskal Filmategiko Txema Muñozek eta Esther Caberok jaso dute saria, Donostiako Victoria Eugenia antzokian egin duten Euskal Zinemaren galan, Donostiako Zinemaldiaren barruan.

Kimuak euskal film laburren programak Donostiako Zinemaldiak eta EPE eta IBAIA ekoizle-elkarteek ematen duten Zinemira saria irabazi du. Euskal zinemagintzaren alorreko pertsona edo elkarte ospetsu baten ibilbidea aitortzen du sari honek.

Euskal Filmategiko Txema Muñozek eta Esther Caberok jaso dute saria, Donostiako Victoria Eugenia antzokian egin den Euskal Zinemaren galan. “Eskerrik asko bihotz-bihotzez zuzendari, ekoizle, aktore teknikari, gidoilari, argazkilari, musikari eta profesional guztiei. Gure lanak zentzua badu, zuek hor zaudetelako da-eta. Zuena guztiona da saria”, adierazi zuten.

1998an sortu zen Kimuak egitasmoa, euskal film laburren loraldia izaten ari zen momentuan. Film laburrak zuzentzeko eta, gero, aretoetan banatzeko laguntzen gabeziari erantzuteko sortu zen programa, euskal ikus-entzunezkoak nazioartean sustatu, zabaldu eta banatzeko asmoz. 23 urteren bueltan. Indarrean jarraitzen du elkartearen xede horrek, euskal zinemagileak hauspotuz nazioartera.

Orain arte, Imanol Uribek (2009), Alex Angulok (2010), Elias Querejetak (2011), Michel Gaztambidek (2012), Juanba Berasategik (2013), Pedro Oleak (2014), Karmele Solerrek (2015), Ramon Bareak (2016), Julia Juanizek (2017) , Ramon Agirrek (2018) Txepe Larak (2019) eta Sara Bilbatuak (2020) jaso dute.

Zabaldu: