(argazkia: Bilboko Konpartsak)

Konpartsek ‘Bilboko Irria’ kulturaldi herrikoia aurkeztu dute

“Bilbotik eta Bilborako”ekimen herrikoia izango da. Abuztuaren 26tik 29ra egingo dute.

Bilboko Konpartsen federazioak abuztuaren 26tik 29ra bitartean antolatuko duen Bilboko Irria izeneko kulturaldi herrikoia aurkeztu du, Arriaga plazan.

Bilboko irria Konpartsek “Bilbotik eta Bilborako” antolatuko duten ekimen herrikoia izango da, eta aurkezpenean adierazi dutenez, “kulturaldiak hiribildua kulturaz eta ezustekoz blaituko du”. Ekimenak “Bilbok daukan irribarrerik politena” izango du ikur nagusi. Izan ere, Nerea Matute Garcia de Jalonek eta Arkaitz Peñak azaldu dutenez, kultur-programazio herrikoi horren “helburu nagusia Bilbori Irria berreskuratzen laguntzea da, Covid-19ren oinazearen eta konfinamenduetako nekearen ostean”.

Konpartsak “elkar-zaintzaren filosofian” oinarritu dira, eta hiritarrei eskainiko dizkiete “bizitza, kirola, kultura, identitate kolektiboa eta Bilborekiko zein komunitatearekiko konpromisoa, beti ere osasun-neurri guztiak betez”. Bide horretan, kultura ere eredu parte-hartzaile, feminista, herrikoi eta euskaldunaren arabera egin daitekeela erakutsiko dutela agindu du Matutek.

Hala, bilbotarrak deitu dituzte adi egon daitezen, Bilboko Irria kulturaldiaren ekitaldiak “datozen asteotan” iragarriko baitituzte. Horietan, gainera, izena emateko bideen eta gorde beharreko osasun-neurrien berri emango dute. Bitartean, uztailaren 17an, Konpartsakide Eguna egingo dute Areatzan, aurten “Bilboko Irriaren aurretiko topagunea eta beroketa-saioa” izango da. Datorren astean emango dute ezagutzera egitaraua, baina momentuz eguneko ekitaldi nagusia kultura eta bizitzaren aldeko kalejira herrikoia izango dela aurreratu dute. Martxa goizeko 12:30ean abiatuko da Areatzatik.

Zabaldu: