Argazkia: Argia.eus

Kultur Sharea ere Mastodon.eus sare sozialean

(Argazkia: Argia.eus)

Mastodon.eus euskaldunak batu eta munduarekin harremanetan jarri nahi dituen sare sozial librea da.

Denboran irauteko helburuarekin abiatu da Mastodon.eus eta euskarazko komunitatearen inguruan dauden eta sortu daitezkeen bestelako instantziekin elkartzeko borondatearekin. Beronen inguruan eragile biltzea ere bada asmoa.

Mastodon indarra hartzen ari den sare soziala da eta 2 milioi erabiltzaile baino gehiago ditu jada mundu osoan. Mastodonek sare sozial ezagunenekin alderatuta abantaila nabarmenak ditu erabiltzaileentzat; are gehiago hizkuntza komunitate txikientzat. Mastodon software librea denez, sare deszentralizatua da; horregatik, datuen kudeaketa, pribatutasuna, erabilera-arauak eta hizkuntza komunitatea bakoitzaren esku daude. Datuak ustiatzen ez direnez, ez dago publizitaterik.

Erabiltzaile bakoitzak izena zein instantziatan eman aukeratu dezake, mastodon.eus horietako bat da eta bi berezitasun ditu: euskarazko instantzia da eta Interneteko euskal komunitateak sortu du komunitatearentzat, hain justu.

Twitter edota Facebook bezalako sare sozial zentralizatuetan hizkuntza enpresa horien erabakien araberakoa da eta atzerapausoak nabarmenak dira: Twitterren interfaze berritik euskara kendu dute eta Googlek iragarkiak euskaraz jartzea debekatu du.  Izan ere, zerbitzu hauetan instantzia bakarra egoten da. Mastodonen kasuan aldiz, elkarren artean federatutako hainbat instantzian daude.

Elkarren artean konektatutako milaka instantzia daude Mastodonen. Batzuk erabilera orokorrekoak dira, beste batzuk, ordea, hizkuntz komunitate baten inguruan sortuak. Badira gai edo afizio jakin baten inguruan sortutakoak ere.

Hainbat erakunderen elkarlanetik jaio da euskarazko sare sozial hau: PuntuEUS Fundazioa eta Azkue Fundazioa, Dinahosting eta iametza enpresa, Talaios kooperatiba Laborategia 2.0 eta Librezaletik.

Zabaldu: