Leioako Umore azoka irailaren 16tik 19ra egingo da aurten

Hasierako hitzordua maiatzerako aurreikusita bazegoen ere, “data berriak osasun-aurreikuspen hobeagoa eta pandemiaren kontrol handiagoa izateko aukera emango du”. Aurtengo edizioan 38 konpainiak hartuko dute parte, horietatik hogei Euskal Herrikoak izango dira.

Leioako Umore Azokaren 21. edizioa irailera atzeratzea erabaki du Leioako Udalak, irailaren 16tik 19ra, hain zuzen ere. “Hasierako hitzordua maiatzerako aurreikusita bazegoen ere, data berriak osasun-aurreikuspen hobeagoa eta pandemiaren kontrol handiagoa izateko aukera emango du, publikoaren eta profesionalen segurtasuna bermatzeko”, adierazi du antolakuntzak.

Hainbat aukera eta arazo aztertu ostean, Udalak “zailtzat” jo du erabakia, baina “zuzena” dela zehaztu du. Leioak helburu argia lortu nahi du, “Umore Azoka guztiontzako berme handienekin egin eta gozatu ahal izatea, eta maiatzeko hasiera hurbilegia da hori posible izan dadin. Pandemiari aurre egiteko hartu beharreko segurtasun neurriek Umore Azokak bere helburuak eta ikusleen itxaropenak betetzea eragotziko lukete”, nabarmendu dute.

Hogei alditan jarraian egin ondoren, Covid19-aren hedapenaren eraginez, bertan behera geratu zen iaz Leioako Umore Azoka, ekitaldi honen historian bertan behera utzi behar izan den lehen aldia izan zen.

Umore Azoka kaleko arteetan dabiltzan sortzaileentzat erakusleihoa, sektoreko profesionalen topagunea eta, programatzaileei proposamenak gertutik helarazteko merkatua da. Aurtengo edizioan Euskal Herriko zein nazioarteko 38 konpainiak hartuko dute parte.

Zabaldu: