Liberoamerika argitaletxea, euskal idazle gazteen bila

Liberoamérica Iberoamerika osoan diharduen proiektu bat da, idazle gazteentzako topagune eta aukera izan nahi du argitaletxe modura. Besteak beste, hainbat herrialdetako emakumezko idazle gazteen lanak, zein bere hizkuntzatan, bildu dituen antologiaren bi edizio argitaratu ditu eta baita idazle gazte batzuen bakarkako lanak ere.

Euskal Herrian Liberoamerika izenez ari dira lanean, eta proiektuaren barruan euskarazko literatura kaleratzen hasi nahi dutela iragarri dute. Hori dela eta, bi deialdi zabaldu ditu Liberoamerikak, biak euskal idazle gazteentzat. Proiektuak literatura berria du xede, bai idazle gazte eta ezezagunen lana kaleratze aldera eta baita literatur genero berriak lantze aldera ere. Horregatik argitaletxeak, euskal idazle gazteen lanak sustatu eta zabaltzeko asmoz, bi deialdi ireki ditu, honako oinarri hauekin:

Poema-liburuak argitaratzeko deialdia

  1. Deialdi honetara euskaraz idatzitako poesia bildumak aurkez daitezke, originalak eta
    aurretik argitaratu gabeak.
    2. 30 urtetik beherako pertsonek parte har dezakete, edozein delarik haien nazionalitatea, jatorria edo bizilekua.
    3. Lanen luzera gutxienez 40 orrialdekoa izango da. Idazleak askatasun osoa du nahi duen gaia eta estiloa aukeratzeko.
    4. Lanak emailez bidali beharko dira, liberoamerika.euskara@gmail.com helbidera. Poema-bildumarekin batera, egileak biografia labur bat bidaliko du, bereizitako dokumentu batean.
    5. Aukeratutako lanak Liberoamerika argitaletxean argitaratuko dira eta egile-eskubideak ohiko moduan ordainduko zaizkio idazleari.

Idazle gazteen literatur bilduman parte hartzeko deialdia

  1. Deialdi honetara euskaraz idatzitako literatur lanak aurkez daitezke.
    2. 30 urtetik beherako pertsonek parte har dezakete, edozein delarik haien nazionalitatea, jatorria edo bizilekua.
    3. Deialdiaren xedea idazle gazte eta berrien obrak biltzea denez, proposamen original eta berriek lehentasuna izango dute. Genero literario tradizionalekin apurtzen duten lanak argitaratu nahi ditugu.
    4. Lanen luzera gehienez 3 orrialdekoa izango da. Idazleak askatasun osoa du nahi duen gaia, estiloa eta generoa aukeratzeko.
    5. Lanak emailez bidali beharko dira, liberoamerika.euskara@gmail.com helbidera. Testuekin batera, egileak biografia labur bat bidaliko du, bereizitako dokumentu batean.
    6. Lanak aurkezteko epea irailaren 15ean amaituko da.
    7. Aukeratutako proposamenak Liberoamerika argitaletxeak antolatutako euskal idazle
    gazteen bilduman argitaratuak izango dira.
Zabaldu: