Lierni Azkargorta izan da Iruña Hiria Poesia Lehiaketaren irabazlea, euskarazko modalitatean

Lazkaokoak ‘Eripoema’ izeneko lanarekin irabazi du saria. Azkargorta Erizaintzan eta Fisioterapian diplomaduna da Donostiako eta Zaragozako unibertsitateetan. Egun Osakidetzan erizaina da.

Lierni Azkargorta Ruiz de Eginok (Lazkao, 1979) irabazi du Iruñeko Udalak eta Nafar Ateneoak antolatzen duten Iruña Hiria Poesia Saria, euskarazko modalitatean.

Orotara 482 olerki-bilduma aurkeztu dira lehiaketara, horietatik 18 euskaraz: 8 Gipuzkoatik; 2, Bizkaitik; 5 Nafarroatik eta 3k jatorri ezezaguna dute.

Azkargorta Erizaintzan eta Fisioterapian diplomaduna da Donostiako eta Zaragozako unibertsitateetan. Egun Osakidetzan egiten du lan erizain gisa. Ipuin lehiaketetan hainbat sari irabazi ditu: Laudioko eta Eibarko Udalekoak, Bizenta Mogel lehiaketa, Lizarrako Maria de Maeztu eta Lasarte-Oria Literatura-sariak.

Bere ogibidea aukeratzerako orduan, osasun-zientzien alorra aukeratu bazuen ere, aitortu du idaztea duela argibidea, “bizitza bera, den bezala, ikusi, ulertu eta sentitu nahi eta behar horretan”.

Euskarazko modalitatean Oihane Garmendia, Unai Pascual eta Pedro Salaberri aritu dira epaimahaikide lanetan, Ines Castiella, berriz, idazkari gisa aritu da. Eripoema lanari buruz adierazi dutenez, “aipamen berezia merezi du egileak, izan ere, berez neutroak eta aseptikoak diren medikuntzari buruzko hitzak lirikaren eremura eramatea dotoretasunez lortu du. Nabarmentzekoa da, halaber, hizkuntza oso ongi menderatzen duela”.

Zabaldu: