Literaturako Nobel Saria euskaratzeko Jokin Zaitegi saria martxan da

Iazko Nobel saria eman gabe utzi zenez, aurten, Suediako Akademiak bi sari eman ditu: 2018ari dagokiona Olga Tokarczuk idazle poloniarrari, eta 2019ari dagokiona Peter Handke idazle austriarrari. Urtarrilaren 7ra arteko epea egongo da itzulpenak bidaltzeko.

Beste urtez batez, Jokin Zaitegi Sariketa deitu dute Arrasateko AED Elkarteak eta Elkar argitaletxeak Arrasateko idazlea gogoratzeko asmoz, eta hark literatura unibertsala euskaratzen egindako ahaleginari jarraitzeko. Itzulpengintza arloko sariketa hau Literaturako Nobel Saria irabazi duten autoreen lanak euskaratzea du xede.

Iazko Nobel saria eman gabe utzi zenez, aurten, Suediako Akademiak bi sari eman ditu: 2018ari dagokiona Olga Tokarczuk idazle poloniarrari, eta 2019ari dagokiona Peter Handke idazle austriarrari. Beraz, Jokin Zaitegi Sariketa hau ere bikoitza izango da. Batetik, Olga Tokarczuk-en Prowadz swoj plug przez kosci umarlych eleberria itzularazteko, eta bestetik Peter Handke-ren Die Angst des Tormanns beim Elfmeter eleberria.

Antolatzaileen azaldu dutenez, nobela horietako bata edo bestea itzultzeko gogoa eta gaitasuna dituen edonork har dezake parte lehiaketa horietan. Horretarako, antolakuntzak proposatutako lagina euskaratu beharko dute parte hartu nahi dutenek, eta egindako lana AED Elkartera bidali: aed@aedelkartea.eus helbidera.

Urtarrilaren 7ra arteko epea egongo da itzulpenak bidaltzeko. Ondoren, epaimahaiak itzulpen egokiena aukeratuko du. Antolatzaileek iragarri dutenez, epaimahai bi egongo dira, pertsona hauek osatuak: Amaia Donés, Monika Czerny eta Dorota Krajewska polonieratik euskaratutako testuetarako; eta David Lindemann, Eli Manterola eta Idoia Santamaria alemanetik itzulitakoetarako. Epaimahai bakoitzak jasotako itzulpenak aztertu eta haietako bat izendatuko du irabazle 2020ko urtarrilaren amaiera baino lehen

Irabazleek diru-kopuru hauek jasoko dituzte: 2.000 euro Peter Handkeren lana itzultzeko, eta 4.000 eurokoa Olga Tokarczuk itzultzeko. Kasu bakoitzean, diru erdia jakinarazpena egitean jasoko du itzultzaileak, eta beste erdia lan amaitua entregatu ostean. Lan amaitua 2020ko urriaren 30a baino lehen entregatu beharko du Elkar argitaletxean.

Elkar etxeak argitaratuko ditu bi eleberriak euskaraz, eta 2020ko Durangoko Azoka izango da hori egiteko epemuga.

Harremanetarako: 943310267 eta 943771228 telefono zenbakietara deituta edo aed@aedelkartea.eus helbidera idatzi beharko dute parte hartu nahi dutenek.

Jokin Zaitegi saria Arrasateko AED Elkarteak eta Elkar argitaletxeak Arrasateko Udalaren eta Laboral Kutxaren laguntzarekin antolatzen dute.

Oinarri guztiak hemen.

Zabaldu: