[BIDEOA] ‘Lobotomiak’ disko berria aurkeztu du Revolta Permanent taldeak

R izeneko aurrerapen kantuaren bideoklipa ere aurkeztu du Bizkaiko taldeak.

Lobotomiak (Baga Biga) izenpean dator Revolta Permanent taldearen laugarren lana. Barakaldoko boskoteak azaldu duenez, iraultzarako garrasi bat da diskoa, “adikzioa dakar moral salbatzaileari gorrotoa izatea, mundua apurtu digutelako, eta beti dago aukera mailua erabiltzeko”. Hamaika kantuz osatuta dator lan berria eta bertan, rapa, metala eta estilo elektronikoa dira nagusi.

Aitor Abiok egin ditu doinu guztiak eta baita ekoizpena ere. hitzak berriz, Iker Villak eta Iker Aginagak idatzi dituzte. Asier Zubelzu eta Aitor Abio arduratu dira nahasketaz.

Boskoteak alboan izan ditu hainbat musikari diskoa grabatzerako orduan, hala Aritz Mendiolak π eta Adikzio berri bat kantuetan abestu du, Maria Redondok Garrasi abestian eta Nora Abiok Mundo roto-n. Mungiako Gaua estudioan grabatu dute lana iraila eta urria bitartean eta Aitor Abio nahasketaz eta ekoizpenaz arduratu da. Asier Zubeltzu berriz, nahasketa lanetan ere ibili da. Disko osoa entzuteko hemen.

Revolta Permanent 2014an sortu zuten Barakaldon Iker Villak, Iker Aginagak eta Mikel Becerrak. Hirukote gaztearen rapari baina, berehala Aitor Abioren elektronika, rock industriala metalarekin nahasitako zaletasuna gehitu zitzaion. Bost urtetan lau disko argitaratu dituzte: Aurrenekoa Genesis (Gaua Records, 2014), bigarrena Kimer (Gaua Records, 2016) eta hirugarrena Ultravioleta (Gaua Records, 2018). Eskuartean dugun laugarren diskorako bosgarren kidea sartu dute. “Orain arte taldeak ez du bateria akustikorik izan eta Guille Peñak (Ma-magigi’s, Dead Bronco) beteko du hutsune hori”.

R Kantua

R izeneko aurrerapen kantuaren bideoklipa ere aurkeztu du Bizkaiko taldeak, Barakaldoko Munoa Jauregian grabatu dute Iker Villaren zuzendaritzapean. Karmele Larrinaga eta Aitor Vildosola dira bertan ageri diren aktoreak.

Zabaldu: