Loraldiberri liburu eta disko azoka antolatu dute igandean, Urruñan

Hogei bat argitaletxe eta elkarte beren ekoizpenekin azokako mahaietan egongo dira, goizeko 10:00etatik 14:00etara bitartean: Elkar, Zortziko, Dakit, Hatsaren Poesia edota Urrunaga dira horietako batzuk. Horietaz gain, kantariak eta musikariak izango dira bertako giroa alaitzen.

Abenduaren 3an, igandea, Loraldiberri liburu eta disko azokaren bigarren edizioa izango da Urruñako herriko plazako elizaren parean. Urrunaga elkartea ari da antolaketa lanetan Berttoli elkartearekin batera. Azaldu dutenez, “XIX. mendearen amaieran euskal kulturaren loraldia izan zen Urruñan eta Euskal Herri osoan, Antton Abadiak piztua eta diruz lagundua”. Orain, azokarekin orduko loraldia ekarri nahi dute urruñarren burura. Horretarako, aurtengoan ere argitaletxeek, diskoetxeek eta elkarteek parte hartuko dute, eta asko izango dira azokara liburuak edo diskoak izenpetzera hurbilduko diren idazleak eta musikariak.

Hala, hogei bat argitaletxe eta elkarte beren ekoizpenekin azokako mahaietan egongo dira, goizeko 10:00etatik 14:00etara bitartean. Elkar, Zortziko, Dakit, Hatsaren Poesia edota Urrunaga izango dira horietako batzuk. Horietaz gain, kantariak eta musikariak izango dira bertako giroa alaitzen. Antolatzaileen esanetan, “asmoa euskal kulturaz eta euskaraz egiten diren gauzak jendeari aurkeztea da”. Euskarak lehentasuna du ekimen honetan, “azokaren funtzionamendua bera euskaraz delako”, adierazi dute antolatzaileek, baina euskal kulturarekin lotura duten frantsesez edo gazteleraz plazaratutako ekoizpenek ere lekua izango dute.

Bestalde, azokak Euskararen Egunarekin (abenduaren 3a) bat egingo du aurten ere. “Liburuak eta diskoak adin guztietako jendeentzat izango dira eta haurrentzako ipuin, bideo eta ekoizpen ugari aukeran”. Elkarte antolatzaileek Urruñako herriari begira antolatu dute azoka. “Hau ez da Durangon, Saran edo Ziburun egiten dutena”, nabarmendu dute. Hala ere, liburu eta disko plazaratu berri aunitz izango dira Urruñako Azokan, gerora Durangokoan izango direnak.

Zabaldu: