(argazkia: EHU)

‘Mikel Laboa… izan liteke konstelazio, izan gabe izar…’ erakusketa paratu dute Bilboko Bizkaia Aretoan

Erakusketa Mikel Laboaren bizitza, ahots eta musikari egindako omenaldia da, bere heriotzaren 15. urtemugan.

Euskal Herriko Unibertsitateak, Mikel Laboa Katedraren eskutik, EHUkultura, eta Loraldiarekin batera, Mikel Laboa …izan liteke konstelazio, izan gabe izar… izeneko erakusketa aurkeztu dute gaur, Bizkaia Aretoan. Mostra otsailaren 5etik 29ra bitartean egongo da zabalik Bizkaia Aretoko Axular aretoan.

Erakusketa Mikel Laboaren bizitza, ahots eta musikari egindako omenaldia da, bere heriotzaren 15. urtemugan. Mikel Laboa Katedrak bultzatutako beste lan batean oinarrituta dago: Ni ez naiz Mikel Laboa komikia, Unai Iturriaga eta Harkaitz Cano idazleek eta Joseba Larretxe Josevisky ilustratzaileak sortua. Komikiarekin gertatzen den bezala, erakusketa ez da ohiko biografia bat, baina Laboaren musika-espirituak, haren nortasunak eta haren umoreak gidatzen dute komikiaren irudiekin osatutako erakusketa honen istorioa.

Erakusketan, besteak beste, Mikel Laboaren 3Dko aurpegia, bihotz-forma duen moztutako panel bat, beirako arasak eta idulkiak, eskulturak, kartelak, diskoak, kontzertu-sarrera, programak, edota argazkiak ikus daitezke.

Miren Koro Campos komisarioak azaldu duenez, “erakusketa atal desberdinetan banatuta dago. Atal bakoitza unibertso bat bezala antolatu dugu: bere bizitza pertsonala (ikasketak, lana, gaixotasunak, traumak…), atal esperimentala edo Lekeitioak, Laboak asmatutako musika-espresio berri bat eta Mikel Laboa zilbor-heste bat bezala, euskal kultura zaharra eta gaur eguneko belaunaldien bitartekari handienetako bat”.

Bestalde, Bea Zabalondo Bizkaiko Campuseko Euskara eta Kultura zuzendariak adierazi duenez, “euskal kantautorearen unibertsoan barneratzeko ibilbide ederra atondu da hemen; artistaren ibilbidea ahaztu gabe, haren izaera eta bizipen pertsonalak nabarmentzen dira”.

Erakusketaren inspirazio iturria

Ni ez naiz Mikel Laboa komikiak 2023ko Euskadi Saria jaso zuen ilustrazioaren atalean. Laboaren espiritua eta obra harrapatzeko, egileak Mikel Laboaren bizitzan funtsezkoak diren lekuetan “bizitzera” iritsi ziren, Lekeition esaterako. Dokumentazio eta inspirazio lan handi baten ondoren, Joseba Larratxe gai izan zen Unai Iturriagak eta Harkaitz Canok idatzitako istorioa irudietan islatzeko.

Miren Koro Corralesek nabarmendu duenez, “Eta zilbor-hestea balitz bezala, komikirako sortutako dokumentazio grafikoa: azken irudiak, zirriborroak, pose-estudioak, fakzioenak… Mikel Laboaren irudiari buruzko erakusketa Mikel Laboa …izan liteke konstelazio, izan gabe izar… aurkezteko oinarri gisa balio dute, haren irudira haren musikatik haratago hurbiltzeko. Laboa neuropsikiatra musikazalea izan zen, XX. mendeko euskal kultur panoramaren berritzaile handienetako bat, artista belaunaldi berrientzako inspirazio-iturria eta bere kantuen bidez memoria kolektiboan presente dagoen artista”.

Zabaldu: