Milaka aurpegi World Press Photon

“Zure argazkiak onegiak ez badira, ez zara behar beste gerturatu”, zioen Robert Capa argazkilari
hungariarrak, ez da, ordea, urtero World Press Photo erakusketarako aukeratzen dituzten argazkilarien kasua.

Udazkenean erortzen diren hostoen modura erortzen dira ere Gasteizko Montehermoso guneko ur biltegi zaharrera World Press Photo erakusketak biltzen dituen iazko argazki kazetaritzako irudirik onenak.

61. edizio honetan, gentrifikazioaren ikur bilakatzen ari den Lagosko (Nigeria) kirol portua ikusi daiteke adibidez. Jesco Denzel argazkilari alemaniarraren irudian, Makoko-ko komunitateko kanaletatik turista-itsasontzi bat nabigatzen ikusi daiteke. Lagos ziztu bizian ari da hazten, aintziraren bazterrean jabetza higiezin gutxi daude, eta horregatik Makoko bezalako eskualdeak eraisteko eta aberatsenentzako bizilekuak eraikitzeko planak martxan jarri dituzte.

Heba Khamis argazkilari egiptoarrak bere aldetik, Kameruneko neska nerabeei bularren garapena oztopatzeko, bularrak lisatzeko ohitura agerian utzi nahi izan du, Banned beauty izeneko argazki-sortaren bidez. Heldutasuna atzeratzen eta bortxaketak edo bestelako sexu gehiegikeriak saihesten lagunduko dielakoan egiten diete praktika hau neska gaztetxoei. Gai garaikideak alorrean lehen saria irabazi du Khamisek bere argazkietako batekin.

Boko Haram taldeak Nigerian bahituriko nesken irudiak ere badira Montehermoson ikusgai.

Aurtengo World Press Photo 2018 nazioarteko sariaren irabazle izan den Ronaldo Schemidt-en Venezuelako krisia izenburuko argazkia ere jasotzen du erakusketak. Irudian 28 urteko Jose Victor Salazar Balza manifestaria sutan ageri da, gas maskara bat aurpegian duela.

Guztira, 125 herrialdetako 4.548 argazkilarik 73.044 argazki aurkeztu dituzte aurtengo lehiaketara. Arduradunek argazkiek munduko errealitatea nola islatzen duten baloratu izan dute beste behin ere. Horretarakop irudien-informazio zehaztasuna, inpartzialtasuna eta erakargarritasun bisuala kontuan hartuz. Parte hartzaileek kode etiko bat onartu behar izan dute eta argazki irabazle guztiek egiaztapen prozesu zorrotz bat pasatu behar dute. Horrela argazkilariak ikusi duen eszenaren irudi fidagarriak direla ziurtatzen da.

1955an Amsterdamen sortu zen World Press Photo, munduko prentsa-argazkilaritza lehiaketa entzutetsu eta garrantzitsuena. Erakunde independentea da eta kalitatezko prentsa-argazkilaritzaren bitartez mundua ulertzen laguntzea du helburu. Prentsa-argazkilaritzarekin zerikusia duten hezkuntza-jarduera nahiz ekitaldi profesional anitz antolatzen ditu urtero eta argazki-erakusketa da, zalantzarik gabe, guztien artean nabarmenena.

Montehermosoko Kultur guneko erakusketa azaroaren 18ra arte egongo da zabalik.

Zabaldu: