(argazkia: Mintzalasai)

Mintzalasai euskararen aldeko festibala astelehenean hasiko da Miarritze, Angelu eta Baionan

Zazpi egunez luzatuko da jaialdia, irailaren 20tik 26ra bitartean. Orotara 51 elkartek parte hartuko dute eta 54 ekitaldi antolatu dituzte.

Iazko jaialdiaren bertsio murriztuaren ostean, Mintzalasai festibala bueltan da Baiona, Angelu eta Miarritzera (BAB) egitarau oparo batekin. Hamargarren edizioa du aurtengoa eta irailaren 20tik 26ra bitartean egingo da. Orotara 54 ekitaldi antolatu dituzte euskararen inguruan elkartzeko, 31 gunetan eta 51 elkarterekin elkarlanean. Hala, zazpi egunez tailerrak, ikusgarriak, bisita gidatuak, ipuinak, hitzaldiak, proiekzioak… izango dira. Adin eta euskara maila desberdinetako herritarrentzat pentsatuak. Izan ere, Mintzalasai publiko zabalari zuzenduta dago: “euskaldun zaharrentzat, gau eskoletako ikasleentzat, haur elebidunen gurasoentzat, hiztun berrientzat eta hizkuntzen maitaleentzat”.

Antolakuntzak azaldu duenez, irakurgarritasuna hobetzeko asmoz, egitaraua sei ardatzen inguruan antolatu da: “astelehenean kirol jarduerak izanen dira, asteartean hausnarketarako momentuak, asteazkena haurren eguna izanen da, osteguna plazerarena, ostirala kulturarena eta asteburua bestarena!”. Festibala igandean, Europako Hizkuntzen Egunean, bukatuko da.

Mintzalasai herri mugimendua 2011an jarri zuten martxan BAB-en, euskararen biziberritzeko helburuarekin, “euskararen geroa, neurri handi batean hirietan jokatzen dela sinesten dugu, hastapenetik sortzaileek erakunde publikoen eta elkarteen arteko lankidetzan sinesten dugu. Hamar urtez, osagarritasun eta konplizitate desmartxa batean garatu dugu proiektua”, adierazi dute.

Mintzalasai sortu zeneko helburuak mantentzen dira oraindik ere: “Hizkuntza plazerarekin lotzea, hitzordu original eta berritzaileak proposatuz, euskara ikusgarri egitea eragile ezberdin anitz inplikatuz eta iritzi publikoa hizkuntza gaien inguruan sentsibilizatzea”.

Icebergaren punta

Gaur egun, Mintzalasai izenaren gibelean proiektu anitz dira, Miarritzeko eta Baionako Herriko Etxeek bertako eragileekin elkarlanean garatzen dituztenak, kasu: Hiru ekimen BAM eskualde mailan (Mintzalasai Euskaltegietan, Festibala eta Ikastetxeetan), eta Ipar Euskal Herri mailan hedatzen diren hiru tresna (webgune praktiko bat, Besta Euskaraz kita eta ezohiko gaiei buruzko hiztegitxoak).

Aurten gainera, “ingeleskadak” saihesteko hiztegitxoa argitaratu da festibalaren karietara, “jadanik koloretsua den bilduma osatzeko”, azaldu dute. Euskarari loturiko berriak eta tresna praktikoak hedatzen dituen webguneak 56.000 erabiltzaileak eta 224.500 ikustaldiak gainditu ditu 2020ko urtarrilaren 1etik hona. “Urtez urte, euskararen biziberritze prozesuari ekarpen konkretu bat egiten dion eragile garrantzitsua bilakatu da Mintzalasai, eta ideiak ez dira falta hurrengo urteetarako”.

Zabaldu: