(argazkia: Kultur Sharea)

Miren Agur Meabe idazle lekeitiarrak Espainiako Poesia Saria irabazi du

Lehen aldia da euskarazko liburu batek aitortza hau jasotzen duela. Nola gorde errautsa kolkoan olerki liburuari esker irabazi du. Epaimahaiak azaldu duenez, “euskal poeta garaikide handienetako baten heldutasuneko poema liburua da” lan saritua.

Miren Agur Meabek (Lekeitio, 1962) Espainiako Poesia Saria irabazi du Nola gorde errautsa kolkoan (Susa, 2020) olerki liburuari esker. Lehen aldia da euskarazko liburu batek aitortza hau jasotzen duela eta epaimahaiak nabarmendu duenez, “desioari, heriotzari, nostalgiari eta denboraren igarotzeari buruzko gogoetak hitzen bidez gozamena bilatzearekin uztartzen dira” liburuan, nahastuz baita ere, “urteen iragatearen samintasuna eta bizitasun eta freskotasun apurtezina”. Estatu espainiarreko Kultura eta Kirol Ministerioak ematen duen sariak 20.000 euroko ordaina du.

Genero literario ugari landutakoa da Meabe. Batez ere poesia eta haur literatura idatzi ditu, baina helduentzako narrazioak ere landu ditu. Saritutako bere lanen artean daude, adibidez, Azalaren kodea poema liburua, Espainiako Kritikaren Sari Nazionala jaso zuena 2000n, eta 2010ean argitaratu zuen Bitsa eskuetan poema bilduma, euskarazko Poesia Kritikaren Saria jaso zuena.

Epaimahaiak azaldu duenez, “euskal poeta garaikide handienetako baten heldutasuneko poema liburua da” lan saritua. “Memoria liburu gisa hasten dena hedatzen doa, eta hainbat ahots, estilo eta tonu barne hartzen ditu”, gaineratu du.

Nola gorde errautsa kolkoan liburuan azken hamarkadan idatzitako poemak biltzen ditu lekeitiarrak. Bizitzaren joanean, hautsa altxatzen da, ezinegonetik argitasunerako joan-etorriko zubia eraikiz, denborak sortzen duen perspektiba eskainiz, irudien isurtzea gelditu gabe.

Zabaldu: