Nekazaritza girora eraman du Jon Arretxek Toure ikertzailea

Giro urbanoa alde batera utzi eta nekazaritza giro batean ikusiko dugu Jon Arretxeren Toure pertsonaia Ez erran deus (Erein) eleberrian. Lan berri hau Toure ikertzailearen sagako seigarrena da. Protagonista artzaintza lanetan ari dela, motozerra batek asto bati lepoa moztuko dio.  Nobela honetan umorerik ez dela falta aitortu du Ereineko editore Iñaki Aldekoak gaurko aurkezpenean, “ingurua, egoera… gertatzen direnak gertatuta ere irribarre bat ekartzen dizu” liburu honek.

Arretxerentzat desafio bat izan da nobela hau, “herri giroko eleberria da eta nik orain arte ez dut horrelakorik idatzi”, egileak gainera, horrelakorik ez zuela inoiz idatziko uste zuela aitortu du, “hainbatek hiri giroko nobela beltzaren ordezkari ere izendatu naute”. Baina idazleak beti bilatzen du zerbait desberdina, originala, monotonian ez erortzekoa eta horregatik, bere nobela berria nekazari giro batean kokatzea erabaki zuen, baita Toure istorio horretako protagonista izatea ere. “Gixajoak ezin zuen San Frantzisko auzoan gehiago aguantatu poliziaren txotxongilo bihurtuta zegoen, haien txibatoa, sikarioa zen, horregatik erabaki zuen Nafarroako Pirinioetako herri txiki imajinario batera ihes egitea”.

Herri galdu horretan Adama aspaldiko adiskidea izango du han zain. Elkarrekin zeharkatu zuten itsasoa pateran, eta beraiek izan ziren itsasaldi hartatik bizirik iritsi ziren bakarrak.

Tourek beste lanbide bat izango du orain bere curriculum bereziari eransteko: ardiak zaintzen ditu. Bizimodu lasaia, ez du besterik nahi, baina edonora joaten dela ere, ezin dio bere patuari ihes egin. Detektibe-igarleak hainbat gorabehera biziko ditu, eta hiltzeko zorian ere egongo da, gogoz kontra nahasirik suertatu den kasu bat argitzeko zereginean.

Zabaldu: