[BIDEOA] “Neskazaharren esperientziek maitasunaz, harremanez eta elkarbizitzaz gogoeta zabaltzeko aukera ematen digute”

Zahartzeari buruzko gogoetak dakartza Mari Luz Esteban antropologo eta idazleak Andrezaharraren manifestua izeneko bere azken liburuan, betiere feminismoaren ardatza galdu gabe.

Pamiela argitaletxearen eskutik kaleratu du Mari Luz Esteban (Pedrosa de Valdeporres, Espainia, 1959) antropologo eta idazleak Andrezaharraren manifestua izeneko liburua. Bertan, azken bi urteetan idatzitako poemak bildu ditu.

Egileak berak azaldu duenez, liburuaren sorburua bere kezka pertsonal, sozial eta politikoetan dago. “Zahartzen ari naiz eta, logikoa denez, gogoeta egiten ari naiz horretaz”. Egileak adierazi duenez, lana eta parte-hartze sozialagatik inguruan gazte asko ditu, baina bere ezagun eta lagun asko zaharrak dira eta beraiei ere begira dago. “Bizi-itxaropena luzatu da eta gaur egungo zaharren esperientziak ez dira derrigorrez lehen zirenak, aldatuz doaz”. Beste alde batetik, feminismoaren eragina ere hortxe dagoela dio, “gure jarreretan eta erabakietan”.

Bada Esteban Andrezaharraren manifestua idaztera eraman duen beste arrazoi bat, idazleak hainbat emakumerekin batera feminismoa eta zahartzearen gaia lantzeko mintegia antolatu zuen  duela bi urte Mariene Basauriko Emakumeen etxean, “oso interesgarria izan zen prozesua eta zerbait idaztea erabaki nuen”.

Estebanek hala ere, zahartzaroaz hitz egitea beti deserosotasun bat sortzen duela uste du, “gure testuinguruan dauden bi joeraren ondorio litzateke hori: batetik, gaztetasunaren gurtzarena, eremu askotan ikusten dena, adibidez, gorputz-irudiari eta estetikari dagokionez; eta bestetik, heriotza bizitzen dugun moduaren ondorioa ere bada; heriotzari bizkarra emanez bizi gara”.  Gure jendartean, pentsiodunen aldarrikapenek kaleak hartu dituztenetik joera hori pixka bat aldatzen ari dela azpimarratu du.

Liburuan emakume zaharrak egiten ari diren ekarpenak azaleratu nahi izan ditu eta horretarako  Estebanek andrezaharraren figura sortu du, zeina emakume zahar askoren fusioa izango litzatekeen. “Andrezaharra, maila batean behintzat, bizitza berrasmatzen ari da, idealizazioetan erori gabe eta kontraesanak ere badaudela jakitun. Horretaz hitz egin behar dugu, hori ikusarazi behar da”.

Estebanek guzti horri poesia formatua eman dio genero horrek aukera gehiago ematen dizkiolako figura anizkoitz eta “mutante” horretaz idazteko. “Esate baterako, poesia idazteko eta irakurtzeko arnasa, beste era batez hartu behar duzu eta hori ezin baliagarriagoa da ikusgai ez dagoen fenomeno edo aspektu bati buruz hitz egiteko”.

Zahartzaroaren gaia landu du, bai, baina feminismoaren ardatza galdu gabe, zentzu horretan hutsune bat ikusten baitu egileak. “Gure gizartean dagoen zahartzaroaren kulturarekin bat dator hori. Feministok ez gaude horretatik libre. Gaur egungo mugimendu feministaren ezaugarri esanguratsu bat adinartekoa, belaunaldiartekoa izatea da. Gazteak badaude eta hori oso pozgarria da, baina gero eta feminista zahar gehiago daude eta ematen du horrek ez duela inporta. Zer ekarpen egin diezaiokete (egiten ari dira) feminista zaharrek lehengo edo gaur egungo teoria eta politika feministari? Horretaz pentsatu beharko genuke”.

Liburua hiru ataletan banatu du idazleak. Lehenengoan neskazaharra edo birrotxa hitzak berreskuratu ditu, “gaur egun gutxitan erabiltzen diren hitzak dira, baina hitz horien atzetik dagoen konnotazio negatiboa ez dagoela ezabatuta uste du. “Zor kitatze bat dugu neskazaharrekin, baina horrez gain, beraien esperientziek maitasunaz, harremanez eta elkarbizitzaz gogoeta zabaltzeko aukera ere ematen digute”.

Bigarren atalean berriz, gorputzari buruz hitz egiten du idazleak, “gure gizartean dagoen gaztetasunaren gurtza konpultsiboak eta estetikaren kanon hertsiak ez digute uzten adinekoen gorputzen zabaltasuna eta aberastasuna antzematen, eta gorputzen eraldaketak gehiegi sinplifikatzen ditugu, dena da mina, dena da arazo, dena da endekapena…”

Hirugarren atalak berriz, Manifestua bera dakar. Heriotzak gai feminista izan beharko lukeela ere azaltzen du idazleak liburuaren bukaeran horri buruzko erreferentzia ere eginda. Horretaz gain, adiskidetasunaren aldarria egiten du, besteak beste.

Zabaldu: