‘Non dago Mikel?’ Mikel Zabalzari buruzko filma udazkenean estreinatuko dute

Proiektua Mikel Zabalza Gogoan Herri Ekimenak bultzatu du, zuzendaritza lanak Amaia Merinok eta Miguel Angel Llamas Pitu-k egin dituzte eta Gorka Pastor musikaria filmaren soinu bandaz arduratu da. Ahotsa.info eta Izar Films ekoitzi dute filma.

Ion Arretxe da Non dago Mikel dokumentalaren protagonista, 1985ean Mikel Zabalzarekin batera atxilotutako pertsonetako bat. Ahotsa.info atariaren esanetan, “jasandako torturen inguruan ematen duen testigantza eta egiten dituen hausnarketak balio handikoak dira, eta ez dute inor axolagabe utziko”. Gogoratu behar da Arretxe 2017an hil zela. Zabalzaren anaiak ere atxilotu zituzten polizia-operazio hartan, eta gertatu zitzaiena lehenengo aldiz kontatzen dute film honetan. Hauekin batera, Zabalzaren ilobek ere parte hartu dute dokumentalean, osabaren hilketagatik egia, justizia eta erreparazioa aldarrikatzen jarraitzeko konpromisoa hartu duen hurrengo familia-belaunaldia da.

1985eko azaroaren 26an Guardia Zibilak Mikel Zabalza eta haren lehengusu Manuel Bizkai atxilotu zituen Donostian, eta, haiekin batera, Idoia Aierbe Zabalzaren neska-laguna eta Ion Arretxe. Orbaizetan berriz, Patxi eta Aitor Mikelen anaiak ere atxilotu zituzten, baina hamar orduren buruan askatu zituzten. Guztiei Terrorismoaren aurkako Legea aplikatu zieten, eta inkomunikatuta egon ziren.

Hurrengo egunean, Zabalzaren desagerpenaren berri eman zuten. Bertsio ofizialaren arabera, Zabalzak ihes egin zuen eta Bidasoa ibaira bota zuen bere burua, guardia zibilei zulo baten kokapenaren berri ematera zihoazela.

Bilaketa lanak jarraian hasi ziren, baina, egunak aurrera egin ahala, Zabalza bizirik aurkitzeko itxaropena poliki-poliki itzaltzen joan zen. Aldi berean, Zabalza Intxaurrondoko Guardia Zibilaren kuartelean jasandako torturen ondorioz hil zenaren zurrumurrua hedatzen hasi zen.

Hala, eragile politiko eta sozialak egoera jendaurrean salatzen hasi ziren, eta kalean ere hainbat mobilizazio egin zituzten. Zabalzarekin batera atxilotutakoen lekukoek poltsa eta bainera egin zizkiotela kontatu zuten eta horren ondorioz hil zela berretsi zuten. Hala ere, bertsio ofiziala ez zen aldatu, eta Barne ministro Jose Barrionuevok Zabalza lehenago edo beranduago agertuko zela ere adierazi zuen.

Desagertu eta 20 egunera, abenduaren 15ean, Guardia Zibilaren patruila batek Zabalzaren gorpua aurkitu zuen Bidasoa ibaian, egun batzuk lehenago Gurutze Gorriak goitik behera miatutako toki batean.

Heriotzagatik hunkituta eta Zabalzaren familiari babesa emateko eta Estatuko hilketatzat hartzen den desagerpena salatzeko asmoz, sekula ikusi gabeko mobilizazio soziala eta protesta ekintza bortitzak izan ziren Euskal Herrian.

Zabalzaren heriotzaren zergatiak eta inguruabarrak ezagutzeko zailtasunak eta egiaren bila ari direnak Estatu espainoleko agintari eta epaileengandik jasaten ari diren utzikeria eta trabak ikusita, gaur egun ez dago zehatz-mehatz jakiterik zer gertatu zen, eta, ia 35 urte igaro badira ere, oraindik ez da inor ere epaitu Orbaizetako bizilagun honen heriotzagatik.

Proiektua Mikel Zabalza Gogoan Herri Ekimenak bultzatu du, Amaia Merinok eta Miguel Angel Llamas Pitu-k egin dituzte zuzendaritza lanak eta Gorka Pastor musikariak filmaren soinu banda sortu du. Ahotsa.info eta Izar Films dokumentalaren ekoizpenaz arduratu dira eta banaketarako aliantza berriak aurreikusten dituztela adierazi dute. “Helburua dokumental hau ahalik eta leku gehienetan erakutsi ahal izatea da”, eta, beraz, estreinatu ondoren, hainbat zine festibal, areto komertzial, herri eta hirietako zinema-areto eta kultur zentroetan proiektatuko da. Horretaz gain, hainbat telebistarekin akordioak ixten ari dira.

(Bideoa: ahotsa.info)

Zabaldu: