(argazkia: Elkar)

Olatz Mitxelena da aurtengo Igartza sariaren irabazlea

Arrakalak ipuin-bilduma proiektuarekin jaso du Mitxelenak 24. edizioko Igartza saria. Idazle gazteei beren proiektua garatzeko ematen den beka da Igartza eta Beasaingo Udalak, CAF enpresak eta Elkar argitaletxeak antolatzen dute urtero.

Olatz Mitxelena Larreta (Oiartzun,1989) dugu aurtengo Igartza Literatura Beka sariaren irabazlea. Oihane Amantegik, Irati Jimenezek eta Garazi Kamiok osatutako epaimahaiak hala erabakita jaso du saria idazleak Arrakalak izeneko ipuin-bilduma proiektuarekin.

Mitxelenak proiektuarengatik 6.000 euroko sariaren erdia eta garaikurra jasoko ditu, eta urtebeteko epea izango du liburua amaitzeko. Oiartzuarra Filosofian lizentziaduna da, zenbait graduondo ikasitakoa eta Bigarren Hezkuntzako irakaslea. Hainbat sariketa irabazi izan ditu, prentsako zutabeak ere idazten ditu, baina hauxe izango du lehenengo liburua.

Arrakalak proiektuan, gai eta estilo ugariren bidez, gizon-emakumeon baitan nahiz pertsonen arteko harremanetan sortzen diren pitzadurei buruz hitz egin nahi izan du egileak, “hutsune eta gabezia horietan gauzatzen direlakoan gure beldurrak, minak, ezinak… Umorea, gorputza, absurdoa, gogoeta… horra ipuinetan zehar aurkituko ditugun beste zenbait ezaugarri, eta guztien atzean gure arrakala horiek goxatzeko borondatea”.

Hogeita lau urte igaro dira Elkar argitaletxeak, Beasaingo Udalak eta CAF enpresak idazle gazteak laguntzeko Igartza saria martxan jarri zutenetik. Erika Elizari, Irati Goikoetxea eta Maddi Ane Txoperena izan dira azken hiru urteetako irabazleak. Aurten hamabi proiektu aurkeztu dira deialdira.

Zabaldu: