[BIDEOA] ‘Orion Zuzenean’ diskoa aurkeztu du Olatz Zugastik

Maiatzean Orioko Kiroldegian emandako kontzertuaren grabaketa bat da, disko bikoitz batean bilduta.

Hilabeteak lanean eman ostean, Olatz Zugastik (Hernani, 1965) Orion Zuzenean (Kantaita Enea) diskoa aurkeztu du, gaur. Maiatzean Orioko Kiroldegian emandako kontzertuaren grabaketa bat da, disko bikoitz batean bilduta. Kontzertu hartan Ander Ederra (gitarra), Amaiur Cajaraville (baxua), Ander Zulaika (bateria, kajoia) eta Gratxiña Lertxundi (teklatua, flauta eta ahotsa) izan zituen alboan Zugastik.

Hasiera batean, musikariak ez zuen Orioko zuzeneko harekin diskorik argitaratzeko asmorik, baina emanaldi horretatik bi astera, Zugastiren teknikariek mahai berria probatzeko kontzertua grabatu zutela esan zioten eta material hori pixka bat landuta disko bat atera zitekeela ikusi zuten Zugastik eta Benito Lertxundik. Kontzertua izan zen bezala islatu dute lan berrian. Sena, Azkenean Katmandu, Bakean ala otzandua, Gau hotzenean ere, Neguko arratsalde batean, Bat, biga, hirur eta baita Lertxundiren Mirotzak eta Ni Olentzero naiz-en bertsio laburra dira Orion Zuzenean lanean entzun daitezkeen abestietako batzuk.

Zugastik hainbat kontzertu lotu ditu jada datozen hilabeteetarako. Hala, abenduaren 4an, Bilboko BBK aretoan izango da eta hurrengo egunean berriz, Hernaniko Biteri kultur etxeko oholtzara igoko da bere taldekideekin.

Azkenean Katmandu kantua da disko berriak jasotzen duen kantuetako bat. Lehen aldiz Elearen lainoa diskoan argitaratu zuen Zugastik eta 2000ko udan Gashembrumen hil zen Felix Iñurrategiri eskaini zion. Juanjo San Sebastian mendigoizale bilbotarra Himalayan harkaitz tarte batera erori zenean egindako gogoetak jasotzen ditu.

Zabaldu: