Saharar gazte bati buruzko ‘Tito’ dokumentalaren estreinaldia Getxon

Saharar gazte bati buruzko Tito izeneko dokumentalaren estreinaldia izango da, datorren larunbatean, urtarrilak 12, 18:30ean, Getxoko Andres Isasi Musika Eskolan. Yago Mateok zuzendutako lana sortzaileak berak 2016ko Eman minutu bat Refugio lehiaketan lortutako sariarekin finantzatu da. Edizio hura Bailemos un Walls ikus-entzunezko piezarekin irabazi zuen.

Tito dokumentalak begirada desberdin batetik jorratzen du errefuxiatu sahararren lekualdatzea Tindufen. Gazteak bizitza guztia darama Tindufeko kanpamenduetan, bere adinari ez dagozkion kezkak ditu eta saiatzen da inor ahaztu ez dezan non dauden.

Dokumentala aurkezteko saioan, zuzendariarekin batera, Cesare Maglioni argazki zuzendariak, Abdulah Arabi, Saharako Errepublika Demokratikoaren ordezkaria eta hainbat entitate ere izango dira, horien artean, BentaraNoa, Reharq* eta ATFAL, Sahararen aldeko Getxoko elkartea, besteak beste. Getxotik Mundura Mundutik Getxora jarduera solidarioen programari amaiera ipiniko dion saio honen sarrera doakoa izango da.

Horrez gain, larunbatean Eman minutu bat ikus-entzunezko lanen Nazioarteko IX. lehiaketaren deialdia egingo dute, oraingoan kulturartekoari buruzkoa. Horren helburua da Giza Eskubideen Adierazpenaren 27 artikuluaz kontzientzia hartzea eta betetzea. Horren arabera, pertsona guztiek dute norberaren gizartearen kultur bizitzan parte hartzeko eskubidea.

Egungo ediziorako lanak aurkezteko epea datorren urtarrilaren 31n amaituko da.

Lehiaketari buruzko informazio gehiago hemen: www.dame1minutode.org

Zabaldu: