Saioa Royo eta Jon Martinez ‘Txiki’: “Etenaldi honen ostean, gogor entseatu beharko dugu berriz”

Nagore Laffage eta ‘La Manada’ kasuetan oinarritutako antzezlana da Birritan Bortxatua.

Sortzaile orori gertatzen ari zaion bezala, Aldatzen Laguntzen antzerki taldekoek ere bertan behera utzi behar izan dituzte estreinatu berri duten Birritan Bortxatua antzezlanaren emanaldiak. Jon Martinez Txiki eta Saioa Royo aktoreek agenda betea zuten datozen aste eta hilabeteetarako.

Nagore Laffage eta Iruñeko talde bortxaketaren kasuak dira antzezlanaren oinarria. Emakumeak bortxaketa baten ostean jasaten duen biktimizazio bikoitzaren argazki gogorra da obra. Royo biktimaren azalean ageri da taula gainean eta Martinez fiskalaren eta defentsaren abokatuarenean. Antzezlan honetako elkarrizketetako batzuk benetakoak direla azpimarratu dute.

Aldatzen Laguntzen antzerki taldeak hamarkada bat bete du eta testuinguru horretan kokatu nahi izan dute aktoreek obra, “laugarren antzezlana dute honakoa eta pausu bat eman nahi izan dute euren ibilbidean. Txiki-k aspalditik zuen ideia buruan, eta, dokumentazio lan sakon bat egin ondoren, martxan jarri zuen”, azaldu du Royok. Hala, orain urtebete ekin zion Martinezek gidoia prestatzeari: “Nagore izeneko 44 urteko emakume bat bere herriko jaietan bortxatu dute 2016ean. Herriko ezagun batek egin du. Nagore epaiketara doa, eta, egiten dioten galdeketek beregan zer eragin duen azalduko dugu. Hori da ardatz nagusia”, adierazi du.

Errealitate desberdinetatik abiatutako fikziozko historia bat egin nahi izan dute, “transkripzio garbirik” egin gabe. “Galderak hartu ditugu, oso potenteak baitira, baina errealitatean oinarritutako fikziozko istorioa da. Epaiketako galdera gehienak, esaterako, benetako epaiketetako galderak dira, gehien bat Iruñeko talde bortxaketaren eta Nagore Laffageren epaiketakoak. Honez gain, zoritxarrez gure inguruan entzundako eta bizitako esperientziez ere baliatu gara gure antzezlana osatzeko”.

Zabaldu: