(argazkia: Iker Azurmendi)

Sorkuntza garaikidea barne hartzen duen euskal arte areto berritua aurkeztu du Donostiako San Telmo Museoak

Orain aurkeztu duten erakusketan, museoak bere erakusketa iraunkorraren amaiera markatzen duen 80ko hamarkadako muga gainditu du, sorkuntza garaikideari lekua egiteko eta une honetan euskal artearen panoramaren parte diren artisten lanak ere bere aretoetan sartzeko.

San Telmo Museoak Peio Agirrek komisarioa duen euskal arteari buruzko areto berritua aurkeztu du, 100 urte. Modernoa eta /edo garaikidea izenburupean. Honekin, museoko arte aretoen berrikuntza amaitu dela iragarri dute. “Orain aurkeztu dugun erakusketan, museoak bere erakusketa iraunkorraren amaiera markatzen duen 80ko hamarkadako muga gainditu du, sorkuntza garaikideari lekua egiteko eta une honetan euskal artearen panoramaren parte diren artisten lanak ere bere aretoetan sartzeko”, azaldu dute Museoko ordezkariek.

Erakusketa museoaren espazio honetarako planteamendu berri baten hasiera ere bada. 100 urte. Modernoa eta/edo garaikidea da bi urterik behin aurkeztuko diren eta komisario ezberdinak izango dituzten erakusketa sorta baten lehena, euskal artearen eta gure inguruneko sorkuntza garaikidearen ikuspegi ahalik eta osoena emateko, betiere San Telmo Museoaren bilduma eta Gordailuan zaindutako ondarea oinarri hartuta. Horri beste erakunde batzuetako piezak gehitu ahal izango zaizkio, hala nola Kutxa Fundazioa, Jorge Oteiza Fundazio Museoa, Reina Sofía Arte Zentro Museo Nazionala eta bilduma partikularrak.

Donostiako museo honetako arte aretoen birmoldaketa 2023an abiatu zen, arte historikoko aretoarekin. Areto horretan euskal artearen hastapenetako lanak txertatu ziren, eta orain erakusketa berri honekin amaitzen da, joan den mendeko 20ko hamarkadatik gaur egunera arteko aldia hartzen duena, sorkuntza garaikideari leku eginez eta bisitariari euskal artearen azken 100 urteen sintesi bat eskainiaz.

100 urte. Modernoa eta / edo garaikidea erakusketarako propio birmoldatu den areto batean aurkeztu da, eta museoko beste esparru batzuetara ere zabaltzen da: sarrerako hallean, dorrean,  industrializazioaren aretoan eta koroan.

Peio Agirreren arabera, “ehun urte, mende bat, denbora tarte nahikoa luzea da ziklo eta garai aldaketez ohartzeko. Askotan, garai historiko baten eta bestearen artean, bat-batean hamar urte nahikoa izan daitezke mende oso bateko kontraesanak ezagutzera emateko. Arte modernoaren eta postmodernoaren hamarkaden araberako banaketa XX. mendea amaitzearekin gelditu zela zirudien eta orain ‘garaikidean’ bizi garela. Gaur egungo arte ‘modernoaren’ eta ‘garaikidearen’ arteko bereizketa tradizionalak iragana eta oraina generikoki bereizteko balio du oraindik. Baina modernoa eta garaikidea, batez ere, denbora kategoriak dira: ‘modernoak’ ‘orain’ esan nahi du, edo iraganarekiko eta tradizioarekiko haustura. Nolanahi ere, aro historiko bat bezala ere ulertzen dugu modernoa, Modernitatea, jada iragana dena”.

 

1924 aldera, Europako abangoardia artistikoen albisteak bazter guztietara zabaldu ziren. Aldi berean, “euskal artea” definitzeko oinarriak lantzen hasi ziren. Ehun urte geroago, termino hori behin-behineko adierazpen bat baino ez da, eta tokikoa nazioartekoarekin, partikularra unibertsalarekin birlotzeko balio du. Erakusketa honek, San Telmo Museoaren funtsetan oinarrituta, beste erakundeetako piezekin (Gipuzkoako Foru Aldundia, Kutxa Fundazioa…), ibilbide ez lineala ezartzen du gure lurralde hurbilenean egindako artearen iraganetik orainaldira arte: Donostiatik Gipuzkoara, eta hortik Euskal Herri osora. Erakusketan, obrei hitz egiten utzi nahi zaie, haien artean loturak eta elkarketak egiten dituen tapiz trinko batean konektatzen.

XX. mendeko mugimendu berriei heldu zieten artistek ematen diote hasiera erakusketari. Euskal pinturaren ordezkariak, kostunbrismoari eta euskal eredu eta erromeriei lotuta egonik ere alderdi piktoriko berritzaileak sartu zituzten artistak: Urrutia, Arteta, Tellaetxe, Zumalabe: hogeiko eta hogeita hamarreko hamarkadetan dandismoaren eta bizitza sozialaren aldeko gustuan adierazten da Modernismoa (hala nola Lagarde artista, edo Gezala bilbotarrak Asun Asartari egindako erretratua, 1920koa). Ondoren, Oteiza, Lekuona, Zelaia edo Narkis Balenciagaren obran gauzatzen diren aurreneko abangoardien adibide batzuk izango ditugu.

Berrogei eta berrogeita hamarreko hamarkadetako hibernazio aldi baten ostean, Gaur Taldeak (Oteiza, Txillida, Basterretxea, Sistiaga, Mendiburu, Zumeta, Ruiz Balerdi, Arias) eta garai hartako beste artista erabakigarri batzuek (Ibarrola, Jimenez) irudikatutako artearen eskutik etorri zen euskal kulturaren pizkundea.

Hala, pinturak garrantzi berezia du erakusketa honetan, neokubismoaren ordezkariak (Gonzalo Txillida, Gracenea) ditu, eta, geroago, hirurogeita hamarreko hamarkadan, kutsu onirikoko figurazio berriaren eta espresionismoaren ordezkariekin (Herrero, Ameztoy, Nagel, Goenaga), baita Cardenas eta Valverde bezalako artisten ibilbide subjektiboek eta korrontearen kontrakoek markatutako ikuspegi propioa duten ordezkariekin ere.

Laurogeiko hamarkadako Euskal Eskultura Berria delakoa (Elena Mendizabal, Badiola, Bados, Moraza, Irazu) eta, jarraian, Miren Arenaza bezalako artistak, erabateko berrikuntza dira XX. mendearen amaierako eskultura hizkuntzetan.

Erakusketa honen berrikuntzetako bat da San Telmo Museoak erositako euskal arte berriena ikusgai jartzea. Barne sartzen dira beren ibilbidea laurogeita hamarreko hamarkadan hasita gaur arte ari direnak, besteak beste, Itziar Okariz, Asier Mendizabal, Isabel Herguera, Jose Ramon Amondarain, Ibon Aranberri eta/edo June Crespo. “San Telmo Museoaren bildumaren aurkezpen honek berretsi egiten du museoak iraganaren memoriarekin eta, era berean, orainaren garaikidetasunarekin duen konpromisoa”, bukatu du komisarioak.

Zabaldu: