(argazkia: Tabakalera)

Tabakalerak eta Artium museoak Jardun Artistikoentzako Institutuan parte hartzeko deialdia zabaldu dute

Artearen metodologietan sakontzeko interesa dutenei edo artistei zuzenduta dago. Deialdia zabalik egongo da apirilaren 19ra arte.

Donostiako Tabakalera zentroak eta Gasteizko Artium museoak Jardun Artistikoentzako Institutuaren (JAI) bosgarren edizioan parte hartzeko deialdia zabaldu dute. Udako arte-eskola da honakoa, artistei zuzendua, eta praktika artistikoa da programaren muina, ikerketa, ekoizpena, pertzepzioa eta lan kritikoa sustatzen dituena. Hirugarren urtez jarraian, JAIk Jorge Oteiza Fundazio Museoaren laguntza izango du.

Formakuntza-saioak ekainaren 26tik abuztuaren 30era bitartean izango dira: ekainaren 26tik uztailaren 5era, eta abuztuaren 26tik 30era bitartean, Artiumen eta uztailaren 8tik abuztuaren 23ra bitartean, Tabakaleran. Hala, Donostiako zentroan parte-hartzaile bakoitzak estudio bat izango du formakuntza-aldian, eta tutoretza indibidualizatua izango du. Abuztuan, berriz, parte-hartzaileek egonaldi labur bat egingo dute Altzuzan, Jorge Oteiza Fundazio Museoa dagoen herrian.

Jardun Artistikoentzako Institutua

Egitasmoaren sustatzaileek azaldu dutenez, “JAI udako eskola bat da, truke eta gurutzaketa artistikoak garatzeko gune bat ezartzeko asmoarekin. Horretarako, jatorri oso desberdineko nazioarteko ahots profesionalak biltzen ditu programak, praktika artistikoak mundu garaikideari begiratzeko eta bere lengoaien erabilerari buruzko harreman kritikoa ezartzeko duen ahalmena identifikatzeko gai direnak”.

Edizio berri honetan, Ibon Aranberri, Itziar Okariz, Alejandro Cesarco eta Olatz Otalora artistek parte hartuko dute tutore gisa, Institutuaren, eta irakasle-taldea gaur egun deialdia sustatzen duten erakundeen erakusketa-programetan eta programa publikoetan parte hartzen duten eragile profesionalek osatuko dute. Horrela, bosgarren edizioak irakasle talde hau izango du, besteak beste: Patricia Dauder, Jeremiah Day, Iman Issa eta Hilary Lloyd.

Horiekin batera, Institutuak ikasketa-batzorde bat izango du, honako hauek osatua: Clara Montero (Tabakalerako kultura-zuzendaria), Beatriz Herraez (Artium Museoko zuzendaria), Catalina Lozano (Artium Museoko komisario-burua) eta aipatutako lau tutoreak. Batzordeko kideek aukeratuko dituzte artisten eskola osatuko duten 16 parte-hartzaileak.

Deialdia

Artearen metodologietan sakontzeko interesa dutenei edo artistei zuzenduta dago. Deialdia zabalik egongo da apirilaren 19ra arte. Parte hartzeko, hautagaiek izena eman beharko dute Tabakaleraren eta Artium Museoaren webgunean aurkituko duten formulario baten bidez, eta beren Curriculum Vitaea, biografia, motibazio-gutun bat eta egindako lanen irudiak biltzen dituen dosier digital bat erantsi beharko dituzte.

Zabaldu: